Itziarren udazkena parte-hartze proposamen berriekin dator: irakurle taldeak eta perimenopausiari buruzko tailerrak
2026ko irailaren 29a- Itziarko Auzo Udalak herritarrentzako bi ekimen jarri ditu martxan urrian zehar, Burugorri Gainean
Ikasturte berriaren hasierarekin batera, Itziarko Auzo Udalak kultura, ikaskuntza eta ongizatea sustatzeko proposamen berriak jarri ditu abian. Urrian zehar herritarrei zuzendutako bi ekimen garatuko dira Burugorri Gainean: haur eta helduentzako irakurle taldeak, eta perimenopausia osasuntsuari buruzko tailerrak.
Irakurle taldeek ikasturte berriari urriaren 3an emango diote hasiera, Alaine Agirre idazlearen parte-hartzearekin. Aurreko ikasturtean abiatutako ekimenaren harrera ona ikusita, Itziarko Auzo Udalak irakurketa partekatzeko gune hau mantenduko du 2026-2027 ikasturtean zehar, hilean behingo saioekin.
Haur taldearen saioak 17:30ean izango dira, eta helduen taldearenak 19:00etan, biak Burugorri Gainean. Izena emateko aukera zabalik dago interesa duten pertsona guztientzat, eta saio bakar batera zein ikasturte osoko saioetara joateko aukera izango da.
Bestalde, urriaren 9, 16, 23 eta 30ean, ostiraletan, “Perimenopausia osasuntsuak” izeneko tailerrak egingo dira, edozein adinetako emakumeei zuzenduta eta Aintzane Etxeberria nutrizionistaren eskutik. Saio hauen helburua da perimenopausia eta menopausia bezalako etapa naturaletan gertatzen diren aldaketak hobeto ulertzeko tresnak eskaintzea, nutrizioaren eta bizi-ohitura osasungarrien ikuspegitik.
Tailerrak doakoak izango dira eta 17:30etik 19:30era egingo dira Burugorri Gaineko lehen solairuan. Izena emateko aukera izango da Itziarko Harrera Bulegoan bertan (Mutxiarte kalea, 8), 943 199 255 telefonoan edo apuntau@itziar.eus helbide elektronikoaren bidez.
Itziarko Auzo Udalak herritarrak animatu nahi ditu kultura, osasuna eta komunitatearen arteko harremanak indartzen dituzten bi proposamen hauetan parte hartzera.