IX. Animadeba Gortina lehiaketa

2017ko azaroaren 16aIX. Animadeba Gortina lehiaketa

Abian da aurtengo Animadeba Gortina lehiaketa. Debako Udalak antolatzen duen IX. edizioa da hau eta lan saritua 2018ko Animadeba animazio jaialdia iragartzeko erabiliko da. Parte-hartzaileek nahi adina gortina aurkez ditzakete, abenduaren 15a baino lehen.

Debako Udalak argitaratu ditu Animadeba Gortina lehiaketarako oinarriak. Aurtengoa IX. edizioa izango da eta sariketara aurkeztutako lanik onena datorren urteko Animadeba animazio zinema jaialdia iragartzeko erabiliko da. Nahi duenak har dezake parte lehiaketan, jaioterri eta bizilekuak direnak direla, eta nahi adina gortina aurkez ditzake.

Edozein animazio teknika onartuko da, betiere, lana .mov, .mpeg, .avi edota .wmv formatuetan aurkezten bada. Artxiboa 30 segundukoa izango da, eta lanarekin batera, egindako gortinaren irudi adierazgarri bat ere aurkeztuko da .jpg artxiboan.

Gaia librea izango da, jaialdiaren promozioari zuzendua; baina gortina guztiek eraman beharko dute derrigor Animadeba 2018 logotipoa.

Lana(k) 2017ko abenduaren 15a baino lehen bidali beharko d(ir)a Wetransfer bidez (www.wetransfer.com) animadeba@gmail.com helbide elektronikora edo postaz honako helbide honetara:

 

Animadeba

Debako Udaleko Kultura Saila

Portu kalea 1

20820 Deba (Gipuzkoa)

 

Animaziozko zineko eta arte grafikoetako adituek osatutako epaimahaiak lanik onenak aukeratuko ditu teknika, kalitatea eta originaltasuna kontuan hartuta. Erabaki horiek behin betikoak eta aldaezinak izango dira.

Hautatutako gortinak 2017ko Animadeba animazio zinema jaialdian proiektatuko dira eta egun horretan bertan jakinaraziko da Animadeba 2018ko Gortina lehiaketako irabazlea zein den. Honek 700 euroko saria eta oroigarria jasoko ditu. Gainera, datorren urteko Animadeba animazio zinema jaialdia iragartzeko erabiliko da bere lana.

Hala ere, gerta daiteke saria eman gabe geratzea, epaimahaikideen iritziz aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez badute. Gortina guztiak ikusgai egongo dira Animadebaren Youtube kanalean.

Gortina lehiaketan parte hartzeak esan nahi du egileak aitortzen duela lizentzia, copyright, irudi - eskubide, soinu, tipografia, software eta erabilitako edozein tresnaren jabe dela; bai eta lehiaketako oinarriak onartzen dituela ere.