Legealdiaren lehen bi urteen balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak

2021ko ekainaren 18aLegealdiaren lehen bi urteen balorazio positiboa egin du Udal Gobernuak

Gilen Garcia alkateak, eta Itziar Irizar eta Aritz Larrañaga alkate ordeek, bideo baten bitartez eman dute Debako Udal Gobernuak egiten duen lehen bi urtetako jardunaren balorazioaren berri.

Hasierako hilabeteetan barne lanekin aritzea tokatu zitzaiela esan du alkateak, “hemen bazegoen zer txukundua, zer antolatua eta horri heltzea zegokigun une hartan. Hala ere, aurrera begiratzen hastea zegokigun, eta hala egin genuen, eta horretarako Gobernu Plan bat osatu genuen bost alor nagusitan banatu genuena eta bost alor horien barruan 100 neurri zehatz jarri genituen”.

Pandemiaren eraginez, azken 15 hilabeteek berez intentsua den udal jarduna are intentsuagoa bihurtu dutela ere esan du alkateak. “Hala ere, gure iparrorratza bestelako Deba bat lortzea zen, Deba feminista bat, euskaltzale bat, jasangarri bat, parte-hartzaile bat, eta zentzu horretan urrats garrantzitsuak egin ditugula esango nuke”. 

Pertsonak erdigunean jarriz, “bereziki garrantzitsua izan da COVID-19ak eragindako egoerei erantzutea. Horregatik, pandemia aurretik zegoen arrakala soziala handitu denez, hori gutxitzeko neurriak hartu ditugu”, Aritz Larrañagak azaldu duenez.

Herritarrengandik ahalik eta gertuen egoten saiatu da Gobernua eta bide horretan ezinbestekoak izan dira parte hartzea bera edo parte hartzerako bideak irekitzea eta herritarrekin komunikazio zuzena lantzea. 

Itziar Irizarrek lan egiteko moduan jarri du indarra, eragile, alderdi eta auzo udalarekin gauzatutako elkarlanean. Ildo horretan, “bereziki motibatzen gaituen proiektu parte-hartzailea landuko dugu orain, udatik aurrera. Udalerri eta herritar parte-hartzaileagoak sustatzen hasteko lehenengo saiakera landua izango da”, Kalbeton Zumardiaz ari da Irizar.