Martxan da jada behar handiena duten haur eta gazteei laguntzeko udako hezkuntza-zaintza sarea

2020ko ekainaren 29aMartxan da jada behar handiena duten haur eta gazteei laguntzeko udako hezkuntza-zaintza sarea

Aurtengo udaran urteroko udalekuak antolatzeko aukerarik izan ez bada ere, behar handiena duten haur eta gazteei laguntzeko udako zaintza sarea antolatu du Debako Udalak. Hezkuntza eta gazteriako eragileekin elkarlanean hasi da ekimena ekainaren 22an eta uztailaren 24an amaituko da.

Helburua da indartze akademikoa, euskararen mintza-praktika eta bestelako aisialdi eta kirol ekintzak eskaintzea neska-mutil hauei.

LH1etik LH6ra bitarteko eta DBHko 1. eta 2. mailako haur eta gazteei zuzendua dago. Guztira, 36 haur eta gaztetxo LHkoak eta beste 4-5 DBHkoak.

Ziklo bakoitzak astean 2 edo 3 saio jasotzen ditu, goizeko 10:00etatik 13:00etara irauten dutenak, egitura berdintsuarekin ia beti: lehenengo ordua indartze akademikorako erabiltzen da (nahiz eta ziklo guztiek izango duten, egunen batean, ipuin kontaketa batez gozatzeko aukera); ondorengo bi orduak, jolas tailerretarako edo kirolak praktikatzeko aprobetxatuko dira.

Indartze akademikorako irakasle taldean 14-15 boluntario dabiltza: batzuk lehen irakasle izandakoak edo gaur egun irakaskuntzan dihardutenak dira; eta beste batzuk beste arlo batzuetan jardun arren, egitasmoan lan egiteko prest agertu diren gazteak. Lehen esan bezala, 14-15 lagun guztira, euren aisialdiaren zati bat herritar hauei eskaini nahi izan dietenak. 

1. eta 2. zikloko ikasleei jolas tailerrak eskaintzen zaizkie 2. eta 3. orduan. Horiek Gaztelekuko begiraleek dinamizatzen dituzte. 5. eta 6. mailakoei, berriz, baita DBHko ikasleei ere, kirol desberdinak praktikatzeko aukera eskainiko zaie herriko kirol elkarteen inplikazioari esker: pala saioak, piragua, skatea, surfa eta mendi irteerak.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie, bada, boluntarioen sare zabal honetan parte hartzen duten guztiei; bai irakasle lanetan dabiltzanei, baita kultur zein kirol saioak eskainiko dituzten elkarteei ere: Ipuin kontalarien taldeari, Iruleak emakumeen pala taldeari, Debakayak piragua taldeari, Yako enpresari, Zurrunbilo elkarteari eta Burdin Kurutz Mendi taldeari.