Musika izango da berriz ere protagonista Deban, Udako Kontzertuen 43. edizioarekin

2026ko abuztuaren 5aMusika izango da berriz ere protagonista Deban, Udako Kontzertuen 43. edizioarekin

Lau emanaldiak abuztuan zehar egingo dira Santa Maria elizan, 20:00etan Zikloak herritar guztiei irekitako eta doako kontzertuak eskainiko ditu, Errenazimentuko musikatik sorkuntza garaikidera bitarteko ibilbidea eginez

Debak Udako Kontzertuen 43. edizioa hartuko du abuztuan zehar. Udalerriko kultur egutegian dagoeneko finkatutako hitzordua da, eta kalitate handiko musika-proposamenez gozatzeko aukera eskainiko die herritarrei, Santa Maria eliza bezalako ondare-esparru paregabe batean. Lau emanaldiak 20:00etan izango dira, eta sarrera librea eta doakoa izango da bertaratu nahi duten pertsona guztientzat.

Edizio honetako programazioak garai eta estilo ezberdinetako proposamenak bilduko ditu, Errenazimentuko eta Barrokoko musikatik hasi eta sorkuntza garaikideraino. Zikloa abuztuaren 6an hasiko da, Luken Munguira tenorearen eta Sergio Bermúdez interpretearen (lautea eta tiorba) eskutik eskainiko den ahots eta hari pultsatuzko errezitaldiarekin. Bertan, John Dowland eta Henry Purcell konpositoreen lanetan oinarritutako errepertorioa eskainiko dute.

Abuztuaren 12an, Mar Vaqué organo-jotzailearen eta Martina Soto tronboi-jotzaile debarraren txanda izango da. Diálogos de aire y luz aurkeztuko dute, besteak beste, Bach, Mendelssohn, Grigny eta Guilmant egileen piezak biltzen dituen proposamenarekin.

Abuztuaren 20an, EntreBescant kolektiboak, Livia Camprubí Bueno, Pablo Fernández Cantalapiedra, Alaia Belaunzaran Arruabarrena eta Beatriz Peña Reyk osatua, Cantar del destierro programa eskainiko du. Erdi Aroko eta Iberiar Penintsulako musika tradizionalean zehar egindako ibilbidea izango da, Cidaren figuraren inguruan inspiratua.

Edizioa abuztuaren 27an amaituko da, Ez gaude konforme ikuskizunarekin. Bertan izango dira Iñar Sastre piano-jotzailea, Ainara Ortega abeslaria eta Alejandro Martínez biolontxelo-jotzailea, eta Ez Dok Hamairuren memoria eta herri-musikaren zein musika garaikidearen erreferente ezberdinak izango dituzte ardatz.

Udako Kontzertuen 43. edizioak, beste urte batez, Santa Maria ondare historikoaren, kalitatezko sorkuntza artistikoaren eta herritarren arteko topagune bihurtuko du, eta, gainera, udako denboraldian udalerriko kultur agenda indartzen lagunduko du.