'Ondo birziklatzea, guztion onura' Hondakinak Prebenitzeko Europako astean

2022ko azaroaren 18a'Ondo birziklatzea, guztion onura' Hondakinak Prebenitzeko Europako astean

Azaroaren 19tik 27ra egingo da aurten Europa mailan Hondakinak Prebenitzeko Astea, hondakinen kudeaketa egokiari buruzko kontzientziazioa sustatzeko helburuarekin. Horregatik, Debabarreneko Mankomunitateak hainbat ekintza antolatu ditu eskualdeko udalerrietan hondakinak egoki sailkatzearen onurak azpimarratzeko. Deban, azaroaren 22an egingo da, goizez. Luzaroko ikasleek parte hartuko dute.

Iazko gabonetan “Gabonetako oparirik onena: hondakinei bigarren bizitza bat ematea” kanpaina pilotua egin zuen Mankomunitateak Elgoibarren eta doan banatu zuen eskualdean birziklatutako bio-hondakinekin sortutako konposta Aita Agirre plazan, landare haziak zituen lorotzi bidegradagarri batekin batera. 400 pertsonatik gora gerturatu ziren, eta ekimenak izandako harrera ona ikusita, aurten gainerako herrietara zabaltzea erabaki du Mankomunitateak. 

Hori horrela, hondakinak gaika banatzearen onurak azpimarratzeko, eskualdean birziklatutako hondakin organikoekin sortutako konposta banatuko du aurten herriz herri Mankomunitateak. Deban azaroaren 22an, asteartearekin, egingo da, udaletxeko plazan, 09:30etik 13:00etara. Luzaro eskolako ikasleek parte hartuko dute ekimenean. 

Iaz Elgoibarren egin zen moduan, konpostarekin batera lorontzi biodegradagarri txiki bat ere emango zaie herritarrei, petunia-hazi batzuekin, irudikatzeko hondakinak egoki birziklatuz gero bigarren bizitza bat ematen zaiela.

Informazio puntuetan bi ingurumen hezitzaile egongo dira, herritarrek hondakinen inguruan izan ditzaketen zalantzak argitzen eta hondakin bakoitza modu egokian birziklatzeko informazioa ematen. Horrez gain, informazio puntuetan jartzeko euskarri bereziak sortu ditu Mankomunitateak, hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den argi eta modu bisualean adierazteko, konposta jasotzera gerturatzen direnek ikus ditzaten.

Karakterizazioak, edukiontzietako hondakinak aztertzeko

Eskualde mailan dauden birziklapen ohiturak aztertzeko karakterizazioak egin ohi ditu Mankomunitateak. Hauetan, eskualdeko hainbat puntutako edukiontziak aztertzen dira, hondakinak egoki sailkatuta dauden ikusteko. Horrela identifikatzen dira gaikako bilketaren inguruan eskualdean dauden ahulguneak, ondoren lanketak egiteko.

Mankomunitatearen jarduna herritarrengana gerturatzeko eta eskualdeko birziklapen ohiturak nola aztertzen diren ezagutarazteko, Mankomunitateko langileek karakterizazioak egingo dituzte zuzenean informazio puntuak dauden lekuetan. Herritarrei informazio puntuetara gerturatzeko deia egiten die Mankomunitateak, baita karakterizazioak ikusteko deia ere. Deban 10:30ean izango da. 

Informazio gehiago Mankomunitatearen webgunean: hemen