Ordenantza Fiskalak eguneratzea onartu du udalbatzak ez-ohiko bilkuran

2020ko urriaren 16aOrdenantza Fiskalak eguneratzea onartu du udalbatzak ez-ohiko bilkuran

2021eko Ordenantza Fiskalak eta COVID-19 tasen hobariak gaiak izan zituen aztergai urriaren 15ean Debako udalbatzak egindako ez-ohiko osoko bilkuran. Gehiengo osoz onartu zen Ordenantza Fiskalak eguneratzea, EH Bilduren eta Debarren Ahotsaren aldeko botoekin. EAJ-PNVk kontra bozkatu zuen. COVID-19 tasen hobarien ingurukoa aho batez onartu zen.

Itziar Irizar alkate ordeak eta ogasun zinegotziak azaldu zuen gaia osoko bilkuran. “Debako udaleko Ordenantza Fiskalek urte askoan ez dute aldaketa handiegirik izan, beraz, hauek eguneratzea izan da azken asteotan egin dugun ariketaren helburua, eta horretarako antzeko ezaugarriak dituzten herriekin konparaketa egin dugu eta bataz bestekoen kopuruak eredu hartu. Gainontzeko alderdiekin bileretan proposamenak partekatu eta landu ondoren ekarri dugu proposamena osoko bilkurara”.

EAJ-PNVren bozeramaleak, Iñigo Cambronerok ezezkoa bozkatzearen arrazoia eman zuen: “pertsonen eta familiengan eragin zuzen kaltegarria izango du eta gehiago gustatuko litzaiguke gobernuak tasen izozterako proposamena egin izatea. Ez da debarren ekonomian kargatzeko unea”. Beste herri batzuen adibideak aipatu zituen. 

“Aldaketa hauek ez dira hain nabarmenak izango herritarrei eta diru-bilketari dagokionez, ez baita aldaketa nabarmenik izango Ondasun Higiezinen gaineko zergan edo IBIaren errekargua eta lokal hutsen zaborraren zerga-hobaria salbu. Baina lanketa sakona egin ondoren ordenantza fiskalak gaurkotuta geratu dira”, Irizarren esanetan. 

Bere horretan utzi dira  Eraikuntza, Instalakuntza eta Obren gaineko zerga, Trakzio mekanikodun ibilgailuen zerga, Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga. Ondasun Higiezinen gaineko zerga: bere horretan utzi da, baina alokatuta edo inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzen errekargua %50etik %75era igo da. Bere horretan utzi dira TAO tasaren balioak, baina udatiarren txartela 25€tik 50€ra igo da.

Bide publikoaren okupazio tasari dagokionez, bataz beste %20ko igoera aplikatu da. ehorzketa eta deshobiratze tasei %50eko igoera aplikatu zaie. 

Murrizketa batzuk ere egingo dira ordenantzaren aldaketarekin. Kontsulta urbanistikoetan %50eko murrizketa aplikatu da. Zabor bilketari dagokionez, zerga hauek bere horretan mantendu dira, baina hutsik dauden edo komertzio moduan erabiltzen ez diren lokal komertzialen zerga %50ean murriztu da.

Halaber, Kiroldegiko, Gozatuz programako, Uda kiroleko eta Gizarte zerbitzuetako tabernako eta zerbitzuetako tasak: %2-3ko igoera izan dute. Kiroldegiko tasetan desgaitasuna duten pertsonei dagokien tasa berri bat sortu da, %60ko murrizketa duena (langabe eta pentsiodunek duten moduan).

Baserri bideen ordenantza landu denez 2020an zehar, ordenantza honetan agertzen den tasa gehitu da, egur ateratzeari dagokiona (0,40€/m3).

Jarduera ekonomikoen gaineko zergari dagokionez, milioi bat euro baino gehiagoko fakturazioa duten enpresei kobratzen zaie, eta %2,16tik %2,2ra igo da.

Pandemia egoerak COVID-19ari lotutako tasei lotuta hobarien ingurukoa aho batez onartu zuen udalbatzak. Kiroldegiko bazkideei %25eko hobaria egin zaie bazkideei, merkataritza eta ostalaritzako %100eko hobaria egin zaie lehen eta bigarren hiruhilekoen zaborraren zergan, aparkatzeko bide publikoa gordetzeko zergan %50 eta terrazetan %100eko hobaria.