Plastikoaren erabilera murrizteko telazko poltsak banatuko ditu Debako udalak

2020ko urriaren 8aPlastikoaren erabilera murrizteko telazko poltsak banatuko ditu Debako udalak

Debako udalak plastikoak murrizteko helburuarekin oihalezko 4.200 poltsa banatuko ditu herritarren artean urriaren 9an hasita. Elkarlanean gauzatuko da ekimena, izan ere, Luzaro eta Mendata ikastetxeetako ikasleek egin dituzte poltsetan agertzen diren marrazkia eta leloa, Debalaik banaketan parte hartuko du eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du Debako udalak bideratutako ekimena.

Ostiralean, urriaren 9an, hasiko da banaketa. Martxoaren bukaeran egitea aurreikusi bazen ere, COVID-19aren ondorioz atzeratu behar izan da ekimena. Luzaroko LHko eta Mendatako ikasle guztiei banatuko zaie poltsa. Herritarrek, Debalaiko kide diren denden bitartez jasoko dituzte. Janari eta denetariko dendek poltsa urdinak, handiak eta erresistenteak banatuko dituzte. Arropa, zapata eta bestelakoak saltzen dituzten dendetan, berriz, kotoizko poltsa zuriak banatuko dira, bertan saltzen diren produktuentzako egokiagoak baitira. Hirugarren adinekoen zerbitzuetan ere banatuko dira. Itziarren, bertako denden bitartez banatuko dira. 3.500 poltsa urdin eta 700 zuri banatuko dira orotara. 

Udalerrian plastikoen erabilera murrizteaz gain, herritarrak sentsibilizatzea eta ohiturak aldatzea ditu helburu kanpainak. Gaur egun denok dakigu gure itsasoetan, ibaietan eta mendietan plastikoen presentzia asko igo dela eta bertako biodibertsitatearengan eta animaliengan sortarazten dituen ondoriok kaltegarriak”, Antxoka Elorza Altuna, Obrak, Zerbitzuak eta Ingurumen zinegotziaren esanetan. Plastiko kilo bat sortzeko, 2 eta7 kg arteko hondakinak sortu daitezkeela ere kontutan hartu beharreko datua da. 

Kanpainak, Eskolako Agenda21ean du jatorria, 2018ko maiatzean ikasleekin egindako batzar berezian. Bertan, ikasleek plastikoak murrizteko kanpainaren bat egiteko eskatu zioten Udalari. 

Udalak testigua hartu eta plastikozko poltsen erabilera gutxitzeko, telazko poltsak banatzeko kanpaina abian jarri zuen ikastetxeen laguntzarekin. Luzaroko LHko ikasleek marrazkia egin eta Mendatako ikasleek lema egitea adostu zen.

Horrela, marrazki guztien artean Luzaroko irakasleek batzuk hautatu zituzten ikasleek bat aukera zezaten. Puntu gehien lortu zuena, Sara Arrizabalagarena izan zen. Sarak itsasoko arrainak eta bertan pilatzen diren plastikoak kontutan hartuta, kanpainaren logoa marraztu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 2019ko abuztuan, hondartzan egindako sentsibilizazio kanpaina batean (hondartzako plastiko txikiak pilatzea) inspirazioa izan zuela esan du Sarak. Ingurumenarekin sentsibilizatuta dagoen gaztetxoa dela erakutsi du Sarak, eta ez luke nahi itsasoan arrainen ordez, plastikozko botilak topatu.

Marrazkia ikusita, Mendatako geletan taldekako lanak eginez, lelo desberdinak asmatu zituzten, eta hautaketa prozesu baten bidez, irabazleak iazko ikasturteko 4.Ckoak izan ziren. Haiena da, hortaz, 'Gure kutsadura gure ardura'. 

Nerea Arrizabalaga Badiola, Ekonomiaren Sustapena eta Landa Eremuaren Garapenerako zinegotziak ekimenean eragileen arteko elkarlana nabarmendu du. “Interesgarria da Agenda21en bitartez udalerriko haur-gaztetxoek ingurumenaren inguruko kontzientzia hartzea eta haiek izatea helduoi proposamenak egiten dizkigutenak. Bestetik, ekimenaren bitartez, ikastetxeak, administrazioak eta merkatariak lotu izana aberasgarria da. Horrela lan egin nahi du Debako udalak. Egungo osasun egoerak ez digu 

aukerarik eman ekimenaren aurkezpena nahi bezala egiteko, guztiok elkarrekin, baina lana elkarlanean oinarritu da.”

Udalak, inkesta txiki bat pasa die dendariei, gaur egun dendari eta bezeroen ohiturak zeintzuk diren ezagutzeko. Epe laburrean beste bat bidaliko zaie ohitura horiek nola aldatu diren jakiteko eta geroago jarraipena egiteko hirugaren bat bidaliko zaie. 

Gero eta jende gehiagok eramaten du oihalezko poltsa saltokietara. Debako udalak dei egin nahi die herritarrei horrelako ohiturak hartu eta mantendu ditzaten. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak kanpainaren kostuaren %50 diruz lagundu du.