San Roke jaiak 2019

2019ko abuztuaren 14aSan Roke jaiak 2019

Abuztuaren 14tik 18ra jai giroa nagusi izango da. Izan ere, gaur arratsaldeko 6etan udaletxeko balkoitik Amagoia Arrietak txapleroa botako du, eta ondoren Josu Azkoitiak zapi gorria jarriko dio San Rokeri, musika bandak Debako Martxa jotzen duen bitartean. Gora San Roke!

ALKATEAREN AGURRA

Paper aurrean hurrengo lerroak idazteko prest: ez da ez edonolako ardura alkatearen agurra! Eta herriko jaiei hasiera ematekoa ez da ez edonolako agurra!

Ohorea niretzat, lehenengoz, San Rokeetako programa honen bidez zuek, herritarrok, agurtzea. Ohorea, era berean, Debako alkate izatea.

Jaietan pentsatzen jarrita, laster etorriko zaizkigu gogora kaleko giroa, musika, kontzertuak, dantza, koloreak, kalejirak eta gisakoak; programan islatutakoak, modu batera edo bestera. Horrexegatik, programa hau egia bihurtzen duzuen guztioi eskaini nahi dizuet bereziki nire agurra.

Txupinazoa horren hunkigarri egiten duzuenoi; Debako Martxarekin hasi eta egunero-egunero musikaz herria blaitzen duzuen Musika Bandako kideoi; gure herriko dantzak belaundaldiz belaunaldi zaindu, gaurkotu eta edozein kale, plazatan eskaintzen dizkiguzuen dantzarioi; etxekoen arropak txukun eta garbi prestatzen dituzuenoi; kontzertuak antolatzen zabiltzatenoi; ordu luzez lanean, gure festa-egarria asetzen duzuen tabernarioi; zezenen jiran zabiltzatenoi, batzuk alde, besteak kontra; indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa prestatu ohi duzuen Talde Feministakooi; umeak xaxatzen dituzuen buruhandioi; segurtasuna, mantentze-lanak eta koordinazioa bermatzen dituzuen Udal langileoi; erraldoiak bizkarrean bertutez daramatzazuenoi; txosnetan txandak egiten dituzuenoi; herri-bazkarietan zerbitzari-lanetan aritzen zaretenoi; herriko arisauoi; umeentzat egitarau txukuna antolatzen duzuenoi. Zuek denoi esker dira jaiak gozagarri.

Aurre-lanketa txukuna egin da, orain dena martxan jarri eta jai-giro aparta sortzea da gure erronka, eta gustura helduko diogu erronka horri.

Gozatu, dantzatu, izan aske, eta aldamenekoa aske sentiarazi: aske, sentitzen duena egiteko, maite duena maitatzeko! Askatasuna errespetuak soilik muga dezala!! Delakoa dela zure azal-kolorea, jatorria, ideologia politikoa, sexu-joera edo erlijioa; denon artean egiten dugu Deba.

Udalean, denontzat hobea eta justuagoa izango den herriaren alde dihardugu lanean. Bertan lanean ari garenok debarrok batzen gaituzue. Orain San Rokeen txanda da: batu gaitzatela kale eta tabernetan, argi bete edo erdi ilunetan, alaitasun eta festa-giroan!

Ondo-ondo pasa!

Alkatea 

Gilen Garcia