Datorren asteartean zabalduko da Uda Kirola 2019 programarako izen-ematea Deban erroldatutako haur eta gazteentzat

2019ko ekainaren 4aDatorren asteartean zabalduko da Uda Kirola 2019 programarako izen-ematea Deban erroldatutako haur eta gazteentzat

Surf, body board, arraun surf, skate, piraguismoa eta xake ikastaroen eskaintza zabala prestatu du udal kirol zerbitzuak aurtengo udarako. Horietaz gain, kiroldegiko eskaintza, Nordic Walking ikastaroak, Amaikak Baten futbol udalekuak eta Debasketek antolatutako saskibaloi kanpusa ere izango ditugu aukeran.

Iristear da uda, eta berarekin batera, Uda Kirola 2019 programa! Urtero bezalaxe, Debako Udaleko kirol sailak hainbat ikastaro eskainiko ditu aurtengo udaran ere. Batetik, surfa, body-boarda, piraguismoa eta arraun surfa bezalako ur-kirolak egiteko aukera egongo da; eta bestetik, skatea. Abuztuan, xakean jokatzeko aukera ere izango dute 6-12 urte bitartekoek.

Ikastaroek bost eguneko iraupena izango dute; astelehenetik ostiralera bitartean. Lehen txandak ekainaren 24an hasiko dira, surfaren, piraguismoaren eta skatearen kasuan; eta abuztura bitarte, astero-astero eskainiko dira. Body board edota arraun-surfa (stand up paddle) egin nahi dutenek, berriz, hiruzpalau aste bakarrik izango dituzte aukeran. Stand-up paddlea uztailaren 1etik 5era, uztailaren 15etik 19ra eta uztailaren 29tik abuzutuaren 2ra. Body boarda ekainaren 24tik 28ra, uztailaren 8tik 12ra, uztailaren 22tik 26ra, eta abuztuaren 19tik 23ra.

Surf (8-16 urte bitartekoentzat) Body board (6-16 urte bitartekoentzat)
  • Bi txanda, goizez: 10:00-11:30 eta 11:30-13:00

  • Prezioa: 55€*

  • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 10

  • Beharrezkoa da igerian jakitea

  • Txanda bakarra, arratsaldez: 17:00-18:30

  • Prezioa: 55€*

  • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 8

  • Beharrezkoa da igerian jakitea
Skate (8-16 urte bitartekoentzat) Stand up paddle (8-16 urte bitartekoentzat)
  • Txanda bakarra, arratsaldez: 17:00-18:30

  • Prezioa: 55€*

  • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 5

  • Txanda bakarra, arratsaldez: 17:00-18:30

  • Prezioa: 55€*

  • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 5

  • Beharrezkoa da igerian jakitea

Piraguismoa (12 urtetik gorakoentzat) Xakea (6-12 urte bitartekoentzat)
  • Txanda bakarra, arratsaldez: 17:00-18:30

  • Prezioa: 55€*

  • Taldea osatzeko gutxieneko pertsona kopurua: 4

  • Beharrezkoa da igerian jakitea

  • Noiz: abuztuaren 5etik 9ra

  • Prezioa: 5€

  • Ordutegia: 16:30-18:00

*Debako haur eta gazteentzat lehen ikastaroak prezio berezia izango du.

Izen-ematea turismo bulegoan egin beharko da. Horretarako, izen-emate orria dagokion bezala bete, eta eskuorrian azaltzen den kontu korrontean egindako transferentziaren ordainagiriarekin batera entregatu beharko da. Izena emateko epea datorren asteartean, 2019ko ekainaren 11n, hasiko da Debako haurrentzat. Gainontzekoen kasurako, aldiz, astebete beranduago; hilaren 17an, hain zuzen ere.

Informazio gehiago behar izanez gero, deitu 943 19 24 52 telefonora edo idatzi turismoa@deba.eus helbidera.

Oharra: emailez edo telefonoz jasotako eskaerak kontuan hartuko ditugu; baina lehentasuna emango diegu bulegora hurbiltzen direnei.

Udan Futbola

Debako Udaleko kirol sailak antolatutako ikastaroez gain, Amaikak Bat Kirol Elkarteak futbol udalekuak prestatu ditu. Aurten 2008, 2009, 2010 eta 2011n jaiotako haurrek gozatu ahal izango dute futbolaz uztailean zehar.

Ikastaroaren iraupena hilabetekoa da; hau da, uztaileko lau astetan zehar 8 saio izango dituzte animatzen diren haurrek, bi saio astean. 50€-ko prezioa izango dute, eta izen-ematea turismo bulegoan egin beharko da, ekainaren 26a baino lehen.

Ekainaren 27an aurkezpen bilera egingo da apuntatu diren haurren gurasoekin, 19:00etan, kultur elkarteko areto nagusian.

Saskibaloi kanpusa

Bestalde, Debasket saskibaloi klubak, Beasaingo BKL taldearekin elkarlanean, saskibaloi kanpusa prestatu du ekaineko azken asterako (23tik 29ra). Saskibaloian bakarkako teknikak, bakarkako zein taldeko taktikak eta oinarri fisikoak lantzeko helburuarekin, 2003 eta 2007. urteen artean jaiotako haurrei zuzendutako ikastaroak izango dira. Informazio guztia debasketsk@gmail.com helbidean.

Nordic Walking

Ibilketa Nordikorako hastapen ikastaro bi egingo dira aurten. Ekainaren 30ean, lehendabizikoa; eta urriaren 5ean, bigarrena. Goizez izango dira, eta bi orduko iraupena izango dute. Ikastaroaren prezioa 20€-koa da, 16 urtetik gorakoei zuzenduta.