Zaintzaren hirigintza, hirigintzaren erronkak mahai-ingurua egin zen atzo Dagigun partaidetzarako gunean

2021ko azaroaren 12aZaintzaren hirigintza, hirigintzaren erronkak mahai-ingurua egin zen atzo Dagigun partaidetzarako gunean

Dagigun partaidetzarako gunearen barruan mahai-inguruak egiten ari gara azken asteotan. Atzo, azaroak 11, Debako arkitekto aholkulari Saioa Zuazubiskar, Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arloaren arduradun Esther Zarrabeitia eta Donostiako Arkitektura Eskolako irakasle Ula Iruretagoiena zaintzaren hirigintza eta hirigintzaren erronkak gaia hartuta aritu ziren mahaiaren bueltan. Itziar Gonzalez arkitektoa, eta Dagigun partaidetza gunearen dinamizatzailea ere batu zitzaien Bartzelonatik.

Askotariko ideiak jorratu zituzten, gai zabala eta konplexua izaki. Eta horietako batzuk nabarmendu zituzten, esaterako, zaintzaren hirigintzaren ikuspegitik lanketa integralak egitea komeni dela, guneka edo gaika egitea baino. Ikuspegi orokorrak faktore guztiak hartzen baititu kontuan: funtzionaltasuna, mugikortasuna, irisgarritasuna...

Une honetan Deban esku artean dugun gaiari lotuta ere, integraltasuna aldarrikatu zuten. Izan ere, orain Zumardiari buruzko lanketa egingo bada ere, kontuan izan beharko da inguru guztia. Eta ez hori bakarrik, zentzu horretan, udalerriko eremuez gain udalerriez gaindiko ingurunea ere kontuan izan behar dela azaldu zuten. Kokapen estrategikoa du Zumardiak Deban beste gune batzuekiko lotura gisa: hondartza, ibaia-estuarioa, herrigunea edota komunikazio bideak (trena, autobusa, kotxeak).  

Datorren ostegunean, hilaren 18an egingo da azken mahai-ingurua, landa ekonomiari buruz. Hori Itziarren, Burugorri-Gainean izango da, 18:00etan. 

Mahai-inguruekin amaituta, hilaren amaieran egingo dira jardunaldi irekiak.