Arte eskola

Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroa

 Kontaktua

 Eskola

 Espezialitateak

 Udako ikastaroak

 

 Kontaktua

  • Lekua: Artzabal auzoa, 6 20820 Deba
  • Telefonoa: 943 19 18 04
  • E-posta: debarte@debarte.net
  • Webgunea: www.debarte.net

Eskola

Historia

Debako Eskulangintzarako Irakaskuntza Zentroak 1981. urtetik dihardu lanean, beti Debako Udalaren babespean eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lankidetzarekin. Zentroaren antolaketa publikoa eta udalekoa den fundazio batean oinarrituta dago, eta patronatu batek zuzentzen du.

Hauek dira zentroan eskaintzen diren irakasgaiak: Zeramika, Brontzearen Galdaketa Artistikoa, Kalkografiazko Grabatua eta Egurrez eta Harriz egindako Eskulturak. Irakasgai osagarriak Marrazkia eta Pintura, Forma eta Kolorea eta Artearen Historia dira.

Irudimena askatzea, ideiak garatzea eta eskulangintzaren eremuko tekniketan profesionalak trebatzea da zentroaren filosofia nagusia, betiere sustraietan eta desagertzeko zorian dauden teknika horiek gure komunitatean utzi duten aztarnetan oinarrituta. Horrela, bada, formula berriak erabiltzen dira, eta teknikak orainaldi guztiz azkar eta aldakorrera moldatzen dira, baina zentroa zer gizarteren barruan dagoen kontuan izanda, eta gizarte horri zuzenduta.

Oraingo Eskola

Eskola irekia da, diziplina anitzekoa eta modernoa, aspaldiko lanbide, teknika eta irakaskuntza eskaintzen dituena, baina garai berrietara moldatuta, eta horiek esperimentazio-izaera ematen diote, Euskal Herrian ezohikoa eta bakana dena.

Nahi duenak, hemen ematen diren espezialitateak tailer irekien bitartez ikasteko aukera du. Ikasleek nahi duten egun kopuruetan, klaseko ordutegian eta irakaslearen laguntzarekin, aukeratutako espezialitatean lan egin dezakete. Klaseak arratsaldez ere ematen dira.

Hileroko kuota: 205 euro.

Espezialitateak

Harlanketa eta zurlanketa 

Eskulturaren tailerrean harria eta egurra lantzen dira nagusiki. Biak naturaltasunez nahasten dira, ikasleek bietako bat aukeratu arte, oinarrizko espezializazioa egiteko. Espezialitatean, kontzeptuak, forma, teknika eta teknologia lantzen dira, ikasleak osoko garapena izan dezan. Harria lantzeko lantegian tamaina handiko blokeak lantzen dira, eta bereziki zaintzen da Euskal Herrian dauden harri motak, eta horiek balioetsi eta ezagutzera ematen dira.


Irakaslea: Fran Arzuaga Kernstock

Zeramika

Zeramika tailerrean teknika ezberdinak garatzen ditugu. Oinarrizkoak dira:

  • Buztin modelaketa, txurroak, plantxak, tornoa eta esmalteak.

Espezialitateko jarduera beste teknika batzuekin osatzen dugu, hauek dira:

  • Raku, terra sigilatak, serigrafia euskarri zeramikoan, argazkia euskarri zeramikoan eta moldeak.

Behe eta goi tenperaturako buztinak lantzen ditugu.

Irakaslea: Esther Astarloa Izarra


Brontze galdaketa artistikoa

Gure geletan garatzen den teknika argizari galdua teknikaren bidez egindako galdaketa-prozesuan oinarrituta dago, estaldura zeramikoa duten moldeak erabilita. Baliatzen den teknologia oso eguneratuta dago prozesu eta materiei dagokienez, eta lau ataletan banatuta dago: Moldeaketa, Estaldura Zeramikoak, Fusioa eta Urtzea eta Patinak eta Akaberak. Berezitasun honen ezaugarri nagusia da trabatzen diren profesionalak gauza direla, industrian erabilitako tekniketatik hartu eta eskulangintzara moldatu diren prozesuen bidez, era askotako jatorrizko eskulturak eta beste eskultura mota batzuk erreproduzitzeko.


Irakaslea: Karmel Aranguena Garcia


Grabaketa kalkografikoa

Gela hau bertan kalkografiazko grabatuaren eta estanpazioaren irakaskuntza eskaini ahal izateko prestatua dago. Grabatua lantzen den lantegietan, irudia ugaritzeko antzinako teknikak erabiltzen dira, eta egungo grabatzaileak plantxa bakoitzean eskuz, era pertsonalean eta zuzenean grabatzen du. Estanpazioa ere modu esklusiboan egiten da. Gela honetan, ibilaldi bat egin daiteke grabatzeko ezagutzen ditugun tekniketan zehar: punta lehorra, xixela, aguafuertea, urtinta, marea belatza edo “mezzotinta”, azukrez, eta abar. Era berean, estanpatzeko edo inprimatzeko teknikak ere ikas daitezke, kolore bakarrez edo kolore anitzez, plantxa baten edo batzuen gainean.

Irakaslea: J.L. Baroja Collet


Udako ikastaroak

Litografiaren hastapen ikastaroa

Ikastaro honetan parte hartzen dutenek, litografiako funtzionamenduan eta oinarrizko prozeduretan lehen urratsak egiteko aukera izango dute, eta makineria eta tresna bereziak erabiltzen hasiko dira. Lantegiak litografia teknikaren inguruko oinarrizko ezagupenak eskuratzeko aukera eskainiko du, esperimentazioaren eta errepikapenaren bitartez.

2016ko ekaina

Grabatu kalkografiako ikastaroa

Hastapeneko ikasleek kalkografiazko grabatuaren tradiziozko teknikak eta estanpatzeko teknika ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute (punta lehorra, aguafuertea, aguatinta, "tinta al azúcar", bernizezko disolbatzaileak, modu beltza, berniz biguna). Grabatua ezagutzen duten parte-hartzaileek, aldiz, teknika sakonagoak ezagutzeko eta beraien proiektuak eta estanpazioak gauzatzeko aukera izango dute.

Parte-hartzaile guztiek, material eta tresna ezberdinekin esperimentatzeko eta lanak garatzeko aukera izango dute (arkatz elektrikoa, ereduak, kartoia, collage, monotipoak, metakrilatoak, e.a.) honek tailerraren funtzionamendu orokorra aldatzen ez duen bitartean.

2016ko uztaila

Serigrafia lantegia

Lantegi honetan parte hartzen dutenek serigrafia teknikaren jakintzan sakontzeko eta harekin esperimentatzeko aukera izango dute; eta teknika erabiliz, edozein ideia oinarri hartuta (edozein forma artistiko duela ere), proiektuak gauzatzeko bidea izango dute. Norberaren proiektuak eskatzen dituen euskarri edota berezitasunak parte hartzaile bakoitzak eskuratu beharko ditu.

Lantegia bi fasetan banatuko da. Lehenengoan, serigrafian funtzionamendua eta oinarrizko prozedurak azalduko dira. Bigarren fasean, proposatutako proiektuak garatu eta gauzatzeko bideak bilatuko dituzte parte-hartzaileek; horretarako, tailerrak dituen azpiegiturak erabili ahal izango dituzte eta Nerea Lopezen aholkularitza teknikoa izango dute.

2016ko uztaila

Litografia lantegia

Lantegi honen helburua  partaideak litografiaren tekniketan murgiltzea da. Estanpazio-prozesua hasieratik bukaeraraino landuko da  eta partaideak berak egingo ditu lan guztiak: papera prestatu, estudioa txukundu eta muntatu, matrizearen trataera kimikoa egin eta estanpazioa bera bukatu.

2016ko uztaila