Debabarrenak bere eskaintza turistikoa aurkeztuko du FITURen

2017/01/18
Madrilgo Nazioarteko Turismo Azokak gaur ireki ditu ateak. Bertan, Debabarreneko eskualdea naturaz eta turismo jasangarriaz gozatzeko helmuga modura promozionatuko da datorren igandera arte; horixe baita, funtsean, aurtengo edizioaren leitmotiv nagusia: turismo jasangarriaren sustapena.

Debabarreneko eskualdea FITURen da beste behin. Nazioarteko Turismo Azoka gaur hasi eta igandera arte, hilak 22, egongo da irekita eta aukera paregabea izango da, ezbairik gabe, eskualdea eta bere eskaintza turistikoa promozionatzeko. Madrilgo turismo topagune ospetsuak Turismo Jasangarriari eman nahi dio garrantzia edizio honetan eta espero da Debabarreneko eskaintza turistikoak bisitari asko erakartzea, eskualdearen apustu turistikoa ildo horretatik baitoa.

Hala, Euskadi-Basque Country standaren barruan, Euskal Kostaldearen txokoan, Debabarreneko erakargarritasunen berri emango zaie bisitariei: proposamen turistiko desberdinen gaineko informazioa, eskualdeko herriei buruzkoa… beti ere, noski, Debabarreneko baliabide turistiko nagusiena azpimarratuz: Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkea (Mutriku, Deba eta Zumaiak osatua). Horren harira, nabarmentzekoa da Geoparkeak aurten presentzia bikoitza izango duela Fitur turismo azokan. Batetik, Euskadi-Basque Country-ko standean izango du lekua eta, bestetik, Europako UNESCO Geoparkeen Sareak turismo azokan izango duen txokoan. 

Madrilera gure eskualdeko ordezkaritza bat hurbildu da: Mutriku, Deba, Eibar eta Ermuko Udalak; Debegesa Garapen Agentziako Turismo saila; Deba eta Mutrikuko Turismo Bulegoak, eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko ordezkariak.

Debabarrenak gero eta bisitari gehiago erakartzen du

2016an, eskualdeko bi turismo bulegoek, Deban eta Mutrikun, 42.775 bisitari hartu zituzten guztira, 2015. urtean baino %11,7 gehiago. Halaber, Done Jakue bidea egiten duten eta Deban geldialdia egiten duten erromesen kopurua gorantz doa. 2016an guztira 12.250 erromesek gaualdia egin zuten Deban, %17 gehiago. Jatorriari dagokionez, %34,4 Estatutik dator, %33,2 Euskaditik eta %31 nazioarte mailakoa da.