Debako Euskararen Historia Soziala ikerketa lanaren aurkezpena

2017/12/31
Pasa den ostiralean aurkeztu zen Agirre jauregiko ispiluen gelan "Debako Euskararen Historia Soziala" ikerketa lana. Bertan izan ziren Ane Egidazu, Debako Udaleko Euskara Batzordeburua; eta Iñigo Ramirez de Okariz eta Nekane Goikoetxea, azterlanaren egileak.

Ostiral eguerdian aurkeztu zuten Agirre jauregian Debako Euskararen Historia Soziala izeneko ikerketa lana. Debako Udalaren eta HUHEZIren artean 2015eko urtarrilean sinatutako hitzarmenak bi urteko iraupena eta 10.000€-ko diru ekarpena aurreikusi zuen ikerketarako. Lana amaituta, testuaren zuzenketek, maketazio lanek eta argitalpenak beste 5.000€ inguruko kostua izan dute.

Aurkezpenean, Ane Egidazuk, Debako Udaleko Euskara Batzordeburuak, ikerketa hau abiatu izanaren arrazoiak aipatu zituen eta esan zuen denok konpartitzen dugun kezka edo galdera batetik abiatu zela: “debarrok daukagun autoirudia (kanpotarrek eman digutena edo geuk sinestu duguna) herri erdaldunarena da; euskara albo batera laga duen herriarena edo herritarrena. Baina askotan horrelako baieztapenak borobilegiak izaten dira, ertzik gabeak; eta errealitateak, gehienetan, borobilak baino poliedrikoak izan ohi dira, ertz askokoak. Errealitatea ondo irakurtzeko eta behar bezala ulertzeko, bada, zer gertatu den jakin behar dugu, zergatik, ze arrazoi egon den bide bat edo beste bat hartzeko... garrantzitsua delako ulertzea nondik gatozen, non gauden eta, are, nora goazen jakiteko”.

Gaineratu zuen, era berean, “aurkeztu den liburu mardula oinarri hartuta, ikusentzunezko bat egiteko asmoa dagoela, jendeak modu arin eta didaktikoagoan herriaren historia ezagutu dezan”. Ikusentzunezko horretan zenbait herritarren testigantza zuzenak ere jasoko direla esan zuen.

Ondoren, Iñigo Ramirez de Okariz Telleriak hartu zuen hitza, ikerlanaren egileetako batek. Ikerketaren datu esanguratsuenak azaldu zituen: historia soziala, ardatz metodologikoa, hipotesiak, gertaera historiko nagusienak eta hizkuntza; ikerketarako erabili dituen informazio iturriak ere aipatu zituen.

Eta amaitzeko, Nekane Goikoetxea Agirre debarrak, ikerlanaren bigarren egileak, historia horren gaineko irakurketa soziolinguistikoa egin zuen; hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, ze paisaje marraztu dezakegun, zertan garen berdin/desberdin inguruko herriekiko edota ze ondoriotara irits gaitezkeen azaldu zigun. Goian aipatutako kezka edo galderari erantzunez, hainbat gai eta kontu jorratu zituen.

Lana osorik irakurri nahi izanez gero, egin klik hemen.