2018an ekingo diete Deba-Mutriku bideko lanei

2017/09/16
Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-638 errepidea hobetzeko eta kostako bi herriok oinez ere komunikatuko dituen bidea egiteko proiektua aurkeztu du. Obrak 2018ko udazkenean hasiko dira, 14 hilabete iraungo dute eta 11 milioi euroko kostua izango dute.

GI-638 errepidea hobetu eta kostako bi herriok oinez komunikatuko dituen bidea egiteko proiektua aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak. 14 hilabete iraungo duten lanak 2018ko udazkenean hasiko dira eta 11 milioi euroko kostua izango dute.

Kostako errepidearen hobekuntzen artean, Mutriku eta Deba elkartuko dituen oinezko bide bat egingo da. Oinezko bideak 2 metroko zabalera izango du, eta gaur egungo laugunean tokirik ez dagoen zatietan, hegal moduan egingo da. Hobekuntza nabarmena izango da debarrontzat eta mutrikuarrentzat. 

Gauzatuko den proiektuaren helburua da, batetik, GI-638 errepidean plataformaren  zabalerari dagokionez dauden gune arazotsuak hobetzea, eta, bestetik, geoteknikoki konprometituak diren eremuak finkatzea. Galtzada 3 metroraino zabalduko da eta ibilbideko bihurguneak eta punturik arazotsuenak leunduko dira. Jarduera nagusienak Ipitxarri bihurgunean eta Alkolea muturrean egingo direla zehaztu zuen Bide Azpiegituretako diputatuak. Era berean, proiektu honek nabarmen hobetuko du errepidearen trazatua.

Hala eta guztiz ere, obrak inguruko trafikoan ere izango du eragina. Hobekuntza lanek irauten duten bitartean, zirkulazio alternatiboaz erregulatuko da trafikoa, baina bost bat hilabeteko tarte batean errepidea erabat itxita egongo da eta Kalbariogaineko alternatiba erabili beharko dela aurreratu zuen Aintzane Oiarbidek.

Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia