Zabalik dago Debako Udal Musika eta Dantza Eskolan aurre matrikula egiteko epea

2024ko apirilaren 12aZabalik dago Debako Udal Musika eta Dantza Eskolan aurre matrikula egiteko epea

Interesdunek ekainaren 21a bitarte eman ahal izango dute izena, aurrez aurre, Debako Udal Musika eta Dantza Eskolan. Debako Udal Musika eta Dantza Eskolak aukera anitz bezain zabala eskaintzen die interesa duten haur, gazte zein helduei, musika eta dantza kulturarekiko interesa piztu eta zabaltzeko.

2023/2024 ikasturtea amaitzeko azken hiruhilekoan murgilduta, Debako Udal Musika eta Dantza Eskolak dagoeneko zabaldu du datorren kurtsorako aurre-matrikula egiteko epea. Hain zuzen ekainaren 21a bitarte izango dute interesdunek izena emateko aukera, 2024/2025 ikasturtean musikari eta dantzari loturiko ikasketekin hasi edota horiei jarraipena emateko.

Eskaintza anitz eta zabala, Deban musika kultura eta ezagutzak zabaltzeko

Debako Udal Musika eta Dantza Eskolaren eskaintzari erreparatuz, modalitate eta mota desberdineko ikastaro eta ikasketak ditu aukeran, interesa duen orori zuzendua: Musika eta Mugimendua (4-6 urte bitarteko haurrentzat), Musika Hizkuntza, haur, gazte zein helduei egokituta, edota Euskal Dantza dira nagusiak. Azken hau 7 urtetik aurrerako haur, gazte zein nagusiei zuzenduta dago.

Instrumentuei dagokienez, adin guztietarako instrumentu ikasketak eskaintzen ditu. Banda instrumentuetan zeharkako txirula, oboea, klarinetea, saxofoia, tronpeta, tronboia, tronpa, bonbardinoa, tuba edota perkusioa daude aukeran eta instrumentu polifonikoetan eskusoinua, biolina, gitarra eta pianoa. Instrumentu herrikoien eskaintza, halaber, txistuak, soinu txikiak, panderoak, gaitak eta gaita-danborrak osatzen dute. Horrez gain, kantu ikasketak eskaintzen dira.

Musika tresnen ikasketa 7 urterekin hasten da, Musika Hizkuntza ikasgaiarekin batera eta behin instrumentuarekin 2-3 ikasturte bete ondoren, talde edo banda desberdinetan parte hartzeko aukera ere eskaintzen zaie ikasleei: Banda Gaztea, Big Band – Jazz Konboa, akordeoi taldea, eskusoinu-trikitilari taldea, gaiteroak, txistulari taldea eta korala.

Aurre-matrikulazioa

Debako Udal Musika eta Dantza Eskolan izena eman dezakete 4 urtetik gorako haurrek, baita, noski, gazte zein helduek ere. Interesdun orok ekainaren 21a bitarte izango du aurre matrikula betetzeko aukera, aurrez-aurre, Debako Udal Musika eta Dantza Eskolan, bulego ordutegian (astelehenetik ostegunera 14:00-19:00 eta ostiraletan 10:00-15:00), Informazio gehiago jasotzeko 943 19 20 16 telefonora deitu edo musikaeskola@deba.eus helbidera idatzi daiteke.