Santa Maria

XV-XVI. mendea. Gotiko-errenazentista
Santa Maria eliza (Estatuko Monumentu Nazionala) Euskal Herriko erlijio arkitekturako lanik onenetarikotzat jotzen da.Ia katedral baten adinakoa izan arren, kanpoaldeko hormak soilak direnez, kare harrizko dorre baten antzekoak, inor gutxi ohartzen da haren handitasunaz. Hala ere, barrualdeko aberastasuna harritzeko modukoa da.


Eraikitzen hasi zirenean, Deba unerik onenean zegoen, eta elizaren eraikuntza herriak finantzatu zuen. Garai hartan, Debako portua estatuko garrantzitsuenetakoa zen, Santander eta Bilbokoarekin batera. Gaztelako artilea Debako portutik Flandesera, Ingalaterrara eta Europako beste herrialde batzuetara esportatzen zen, eta horrek eragindako zergen bidez, Deba asko aberastu zen. Horretaz gain, Ternuara bale bila joandako espedizioak ere aberastasun iturri izan ziren.

   Eraikuntza faseak

   Portada

   Barrualdea eta erretaulak

   Kaperak

   Sakristia

   Korua eta organoa

   Klaustroa

   Kanpandorrea

   Erlojua

   Bideoak

 

Santa Maria elizari buruzko foiletua

Herriko ondare erlijioso guztia ezagutu nahi baduzu klikatu hemen

Eraikuntza faseak

XV. mendean hasi ziren eraikitzen, XIV. mendeko jatorrizko elizaren oinarrien gainean. XVI. mendean handitu egin zuten eta XVII. mendean amaitu.Garai gotikokoak dira portada, alboetako kaperak, klaustroa eta triforioaren zati txiki bat. 1575. eta 1629. urte bitartean handitu egin zuten tenplua, estilo errenazentista nabarmen baten arabera. Baina Itsas Armada Garaiezinaren porrota garai horretan gertatu zenez (1588), artile merkataritzak behera egin zuen, eta horren ondorioz, eliza handitzeko lanak atzeratu egin ziren.

 

Portada

XV. mendean eraiki eta XVII. mendean (1682) polikromatu zuten. Santa Mariaren portadak aurrekaria du Laguardiako Sta. Maria de los Reyes elizako portadan (Araba). Santa Mariaren portadako kronologia eta estiloa bat datoz Elgoibar (Olaso), Gernika eta Lekeitioko elizekin. Beraz, baliteke autore berak egitea denak (Juan de Acha)

Portadako ikonografian hamabi apostoluen irudiak dituen friso bat nagusitzen da (sei apostolu alde bakoitzean). Frisoak arkibolta gotiko bati eusten dio; arkiboltan, aingeruak, birjinak eta martiriak irudikatzen dituzten 38 irudi daude errezel txikien bidez bereizita.

Tinpanoa hiru zatitan dago bananduta: lehenengoan, Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta Epifania daude irudikatuta; bigarrenean, Heriotza eta Ama Birjinaren Jasokundea; eta hirugarrenean, Koroatzea.

Atea mainel batek erdibitzen du; bertan, Salbatzailearen irudia dago.

Barrualdea

Garai errenazentistako hiru nabe handik osatzen dute. Nabe horiek zortzi zutaberen bidez daude bereizita, lau zutabeko bi ilaratan. Zutabeen harroinak karratuak dira eta kapitelak doriar-toskanar estilokoak. Nerbioek osatzen duten izar itxurako gurutze gangari eusten diote zutabeek, eta gangaren giltzarrietan  - asko polikromatuta daude – irudi geometrikoak edo erlijio irudiak daude landuta. Zutabeak Errenazimentuko arkitekturaren eredu perfektuaren arabera eginak daude.

Gangatik kable baten bidez zintzilik dagoen itsasontzi bat ikus daiteke. Zinopari hori itsaslapurretarako hornitutako fragata bat da, eta baliteke eskaintza horren jatorria itsasoan izandako gerra gertakizun batekin lotuta egotea.

Hegoaldeko hormaren goiko aldean, beruneztatutako beirate handiak daude, Simon Berasaluze maisuak eginak. Beirate horiek lanbideekin eta erlijioarekin zerikusia duten motiboz apainduta daude.

Erretaulak

Erretaula nagusia Pedro de Aloitizek egin zuen 1663. eta 1671. urte bitartean, eta Miguel de Brevillak urreztatu eta margotu zuen. Estilo errenazentistako lana da, baina apaingarriak erabat barrokoak dira. Erretaularen eskema honako hau da: banku edo behealde bat eta horren gainean, 3 atal eta 3 kale. Bankuaren alde bietan Baratzeko Otoitza eta Azken Afaria daude irudikatuta.

Lehenengo atalean, albo batean, Sortzez Garbia tximista multzo batez inguratuta irudikatzen duen erliebe bat dago, eta bestean, Andre Mariaren Jaiotza irudikatzen duena. Bigarren atalean, Deikundea, Jasokundea eta Ikustaldia daude irudikatuta. Hirugarren atalean, Egiptorako ihesaldia, Koroatzea eta Haurra erakusten duen Andre Maria eseriaren irudia daude. Hiru atalak bereiziz, San Pedro eta San Paulo, San Ignazio eta San Roke, eta Santo Domingo eta San Frantzisko irudikatzen dituzten eskulturak daude.

Alboetako erretaulak Pedro de Aloitizek eta Matheo de Azpiazuk egin zituzten 1683 eta 1686 urte bitartean.

Ebanjelioaren aldean dagoena Errosarioko Amari eskainia da. Horren buruan Ama Birjinaren irudia dago, eta alboetan Limako Santa Rosaren eta Nortziako Santa Ritaren irudiak. Bigarren solairuan, San Joan Bataiatzailea, San Agustin eta San Bartolomeren irudiak daude; eta atikoan, Paduako San Antoniorena. Epistolako aldean dagoen erretaularen burua San Migel arkanjeluari eskainia dago, eta alboetan San Buenaventuraren eta Avilako Santa Teresaren irudiak daude. Gainerako tarteetan, Santa Katalinaren eta Santo Tomasen irudiak ikus daitezke eta, goieneko aldean, Santa Isabel Erreginarena.

Kaperak

Garai hartako nobleek eraiki zituzten. Merkatari aberatsen familiek osatzen zuten noblezia, eta Gaztelako nobleziarekin harremanak zituzten.

Hilobiratzeko kapera horietako bakoitza monumentu bat da. Elizaren hasierako proiektuan ez zeuden aurreikusita; geroagoko aldaketa izan zen, beraz.

Elizan dauden sei kaperetako hiru Epistolaren aldean daude (sartu eta eskuinera), eta beste hiru Ebanjelioaren aldean (ezkerraldean).

Eskuineko aldean, San Pedrorena (Agirretarren kapera), San Antonena (Sasiolatarren kapera) – barruan XVI. mendeko Flandesko triptiko eder bat dago – eta Hilobi Santuarena (sakristia zaharra) daude.

Ezkerreko aldean, San Domingorena (Juan de Andonaegi komendadorearena), -San Joanena (Zubeltzutarrena, “Irulearen kapera” deritzona), eta, azkenik, Errukiaren Andre Mariarena (Irarrazabaldar aberatsena).

Sakristia

Debako Santa Marian egin zen azken arkitektura lan garrantzitsua sakristia barrokoa izan zen. Parrokiako kabildoko 16 apaizen osoko bilerak egiteko behar zen lekua izateko egin zen.

Proiektua XVIII. mende hasieran planteatu zuten. Lazaro de Lizardik egin zuen obra, 1713. eta 1714. urteen bitartean. Francisco de Iberok diseinatu zituen altzariak 1770. urtean, eta Gipuzkoako ebanista lan rokokoaren lanik gorentzat hartzen  dira.

 

Korua

Ganga formako espazio batek eusten dio koruari. Espazio horretan, bi zutabe handik hiru arkubeheraturi eusten diete, eta hiru nabe handietarako sarbidea da. Tribunaren alboetan bi eskalinata daude.

Koruaren horman sartuta, triforio zaharraren zati bat dago. Triforio horrek garai bateantenplua inguratzen zuen, eta XVI. mendeko handitzea egin zutenean desagertu zen.

Tenplura sartzeko ateen ondoan, beheko korua dago, XVI. mendekoa. Koruaren mutur bietan zirkulu formako ganbera txiki bana dago. Sarreraren eskuinaldean dagoena Bataiategi izan da eraiki zenetik ia gaur egun arte; ezkerraldekoa kapera izan da beti, eta Itziarko Amarena esaten zaio.

Organoa

Kataluniako Gerhard Grenzing lantegian egin zuten 2009an, XXI. mendeko organo-egileen arloan erreferentziatzat jotzen den tokian. Organoa egiteko, honako parametroetan oinarritu ziren: modernitatea, nortasun propioa eta estetika (Santa maria elizaren maiestatezkotasunarekin bat etorriko zena).

Tresnak lau atal ditu, hiru eskuentzat eta bat oinentzat. Erregistroak iberiar tradizioko organo handien eskema aberatsak laburbiltzeko moduan daude ipinita, hiru familiak zabal garatuz teklatuetan: flautak, nazardoak eta mihiak.

Bere aurpegiaren diseinua elizari eta herriari lotuta dago erabat. Elizako kapera bateko erretaula gotikoan dago inspiratua (Sasiolakoan) eta dekorazioak (armarria, gorua, ezkilak eta itsasoko urdinen tonoak) Debako elizaren eta marinel herriaren heraldika, kondaira eta historiaren gaineko elementuak erakusten ditu.

Klaustroa

1500. urte aldera hasi ziren eraikitzen, eta Gipuzkoako zaharrena da. Tenpluaren hegoaldean dago, eta horren atea elizako hegoaldeko lehengo sarrera zen. Kaperek baldintzatu arren, diseinu harmoniko eta ordenatua du, eta Erdi Aroko tradizioari jarraituz, Zeruko Paradisuaren ideia sinbolizatzen du. Hortaz, kanpoko eta barruko laukiaren arteko proportzioak 1’618 koefizientea ematen du; hau da, “urrezko proportzioa” eta “Jainkozko proportzioa” deritzona.

Ganga formako lau ogiba korridore ditu, eta trazeriazko argizuloak dituzten hamasei bao zorrotzen bidez irekitzen da barruko patiora. Eraikuntza prozesua motela eta etena izan zen, klaustroko ipar-mendebaldeko leihateek agertzen duten bezala; izan ere, leihate horietan, XVI.  mende hasierako gar itxurako trazeriak eta 1547ko trazeria errenazentistak txandakatzen dira. Ekialdeko galeriaren tertzelete erronboidedun gangek eta arkuen nazelen ornamentazioak Juan Gasek Segoviako katedralean eta Toledoko San Juan de los Reyesen egindakoa gogorazten dute (Errege Katolikoen arkitekto begikoena zen hura). Hortik ondoriozta daiteke Guasen tailerrean trebatutako euskal hargin batek zuzendu zituela obrak.