Aspaldiko eskaerari erantzunez ludoteka egiteko prozesua abiatuko da

2023ko martxoaren 17aAspaldiko eskaerari erantzunez ludoteka egiteko prozesua abiatuko da

Aspaldidanik identifikatutako beharra da ludoteka zerbitzuarena. 12 urte arteko haurren aisialdi hezitzailearen hutsunea nabarmena da, eta azken urteotan erabat gailendu da behar hau. Udalak proiektu zirriborroa landuta du, eta herritarrekin zerbitzu honen zehaztapenak finkatu nahi ditu, partaidetzaren eta herri hezitzaileen filosofiari jarraituz. Horretarako bi saio ireki egingo dira, martxoaren 23an eta 31n.

Turismo bulegoa Simon Berasaluze plazara mugituta, Ifar kaleko 4. zenbakian dagoen lokala hutsik geratuko da, eta ludoteka hor kokatzea aurreikusten du Udalak. Espazio irekia izanik, gune ezberdinak antolatzeko aukera ematen du. Gainera, Haur Hezkuntzako eraikinaren ondoan dago, eta txikienek ikastetxeko kanpo espazioa erabilgarri izateko aukera ere aztertu nahi da.

Baina herriko gurasoekin, haurrekin eta gainontzeko herritarrekin egin nahi da lanketa hau. Zerbitzu hezitzaile honen izaera, ordutegiak, espazioaren antolaketa eta abar definitu nahi dira herritarrekin.

Bi saio ireki egingo dira. Lehena, martxoaren 23an arratsaldeko 18:00etan izango da. Bestea, berriz, martxoaren 31n, 13:30ean. Biak udaletxeko osoko bilkuren aretoan izango dira. Dinamika bera izango dute saioek, hortaz, batera edo bestera joatearekin nahikoa izango da.