Ondare zibila

Arkitektura Zibilari dagokionez, Debak zenbait jauregi ditu, gehienak XVI. mendean itsas-garraioari eta baleontzi eta bakailaontzien espedizioei esker izan zuen oparotasun ekonomikoaren ondorioz eraikitakoak: Agirre Etxea, Aldazabal Etxea, Bañez Etxea eta Sasiola Dorrea.

Paseo Estalia eta Merkatua den eraikina ere azpimarratzekoa da. Oinplano erregularra duen eraikina da, orain gutxi berriztatua eta Eusko Jaurlaritzako kultura kontseilaritzak 1995ean Ondare Kultural izendatu zuena, monumentu kategoria emanez. 1905ean Manuel Echave Zalacainek egin zuen proiektua. Aipatzekoak dira zutabeetako apaingarriak eta erdi aldeko gorputzaren dekorazioa Debako armarria, Mercado, Paseo Público eta eraikuntzaren data (1910) grabaturik dituelako.

Udaletxearen proiektua 1747an Ignacio de Iberok egin zuen. Karearrizko sileriadun fatxada estilo barrokokoa da, oso soila eta gustu herrerianoa duena. Hareharrizko 3 armarri ditu: Errege-Koroarena, Gipuzkoakoa eta Debakoa. Elementu arkitektonikoak erregulartasunez ordenaturik daude: beheko solairuan arkupea, lehenengo solairuan balkoi jarraitua eta bi balkoi bigarrenean. Azpimarragarria da balkoi jarraituaren burdinsarearen abanikoan dagoen motibo apaingarria.

Deba-Mutriku Zubia 1866an ireki zen trafikoarentzat. Donostia eta Bilbo kostaldetik komunikatzeko eraiki zen azken bidegunea izan zen. XIX. mende erdialdeko Gipuzkoako arkitekturan eraikin adierazgarritzat hartzen da. Kalitate handiko obra da, estribuak, zubi-pilareak eta gangak dituena, kareharri gris argidun harlanduz forratutakoa. Hiru arku eta zubiune altxagarri bat zituen hasiera batean. Azken hau itsasontziak ibaian gora pasa zitezen eraiki zen, baina 1951ean desmontatu egin zuten. Zubiaren hegoaldeko petrilean, eskubi aldeko ertzetik hasita hirugarren arkuaren parean, horman giltzatutako zirgilo batek ibaiaren ama ibilgua seinalatzen du eta Deba eta Mutrikuren arteko banalerroa ere bai.

Ezin ditugu ahaztu beste elementu zibil hauek ere: Plaza Zaharreko iturria eta Sasiolako zubia.

Debako baserrien artean, bere antzinatasunagatik eta egitura ederragatik azpimarragarriena Arriolabeñe da. XVI. mendekoa da eta egurrezko egitura ikusgarria du, pieza bakarreko posteekin eta bilbadura ederrarekin.

Agirre Etxea

XV. mendeko eraikuntza zibila.

Etxea Astillero kalean aurkitzen da. Eraikin hau euskal arkitektura zibilak gure lurraldean duen jauregietatik hoberenetarikoa da. Etxabe, bi solairu eta ganbaraz osaturik dago. XV. mende inguruan hasi zen herriaren harresietatik kanpo, Maxpe errebalerantz, Itziartik zetorren gurdibidearen eta ibaiertzaren artean; etxearen hormak uretaraino heltzen ziren.

Harlanduz eginiko aurrealde nagusia nabarmendu behar dugu. Horma guztiak zurlandutako teilategal eder batez bukaturik daude. Etxe barruak dekorazio aberatsa du; aipatzekoak dira, batik bat, eskailera nagusia eta egongela nagusiko lur, horma eta tronaduaren apainketa liluragarriak.

Aldazabal-Murgi Etxea

XVIII. mendeko etxea.

Monumentu historiko-artistiko hau Ifar kalean aurkitzen da.

Etxea eraiki zen garaian zona hau Debako herrigunetik kanpo eta zuzenean hondartza zabalera zihoan errebala zen.

Etxabe eta altuera bat du, erdialde bat eta bi hegal txikiagorekin. Aipatzekoak dira harlandutako balkoiak, burnizko eskubela eta armarriak; aurrekoaldeak osotasun orekatua lortzen du.

Bañez Etxea

Ifar kalean kokatua, herriaren erdigunean eta Aldazabal Murgi etxearen ondoan.

Orain, eraikina angeluzuzena da, etxabe eta bi goierarekin, lau aldeko teilatua eta leihoak simetrikoak dituena. Aipatzekoak dira goisolairuan azaltzen diren aurpegi landuak. Itxura denez, hasiera batean ez zen horrelakoa, oraindik gaur, eskuinaldean arku azpian murruz itxitako sarrera ikus baitezakegu, berria egin aurrekoa.

Aurreko aldean, gaur egungo ate gainean, Sasiolatarren armarria darama, landutako harriz egina, arku baten gako edo gaineko pieza osatzen duelarik. Etxabe eta solairu nagusiaren tartean Bañeztarren armarria ikus daiteke.

Sasiola Dorrea

Erdi Aroko dorretxea

Maxpe auzunean aurkitzen da, Osio kalearen hasieran.

Edifizio angeluzuzena da, aurrekaldea osorik harlandua.

Hasieran, Erdi Aroko dorre, gotorleku eta etxea zela dirudi; oraindik ere arku puntadun zenbait leiho ikus daitezke bere hormetan murruz itxita, bai eta harrizko zenbait konkor ere. Garai hartan, azkenengo pisuan erlaitzak eraikitzen ziren dorreen defentsa elementu gisa; honek ere horrelako bat izango zuela pentsa daiteke, lehen aipatutako konkorrak erlaitzen euskarri izaten baitziren.