Historia

Herria sortu baino milaka urte lehenagotik, Debak itsasoarekin eta urarekin izan duen erlazioa historian zehar behin eta berriro errepikatu den kontua da.

Udalerriko lehen giza-asentamenduen aztarnak Goi Paleolitiko garaikoak dira eta bertako haitzuloetan aurkitutako maskortegiek, hezurrezko arpoiek eta Ekaingo Paleolitikoko santutegian ikus ditzakegun arrainen zenbait irudik erlazio horren hasieraren berri ematen digute. Bitxia bada ere, milaka urte geroago, erromatarren kronikek ere aipatzen dituzte kostalde hau eta Deba ibaia, denborarekin herriari izena emango dion ibaia, alegia.

Herriaren jatorriak 1343. urtera garamatza. Urte batzuk lehenago, 1294an, Alfonso IV. erregearen eskutik hiri-gutuna jaso zuten Itziarko “Monte-Real”-eko biztanleek. Hauek kostaldera hurbildu beharra ikusi zuten arrantzan aritu ahal izateko, eta horrela, herri berri bat sortu zuten: Debako Monreal.

Deba ibaiaren eskuinaldean kokaturik, arrantza, nekazaritza, industria eta salerosketan jarraitu zuten. Kostaldeko gainontzeko arrantzaleen antzera, debarrek balea harrapatzen ematen zuten ahaleginik handiena, nahiz eta bestelako arrantza baztertu ez. Burdinolak ziren industriaren oinarri, bertatik burdin tresnak ateraz; lantegi haiek ibai eta erreka bazterretan kokatzen ziren ur indarraz baliatzeko.

XV. mendean Debak oso garai ona bizi izan zuen itsasoko trafikoaren ondorioz; batez ere, Gaztelako eta Aragoiko artileak Debako portutik esportatzen zirelako Europako hainbat herrialdetara.

Orduñako pasoa zabaltzean, burdingintza eta kaiko uren sakontasun eskasa zela medio, Debak zuen onura estrategikoa gutxitzen joan zen. XIX. mendearen erdi aldera portuak zuen trafikoa behera zihoan neurrian, beste aktibitate berri bat sortu zen: udaldia. Itsas bainuak garrantzia hartuz, Debak duen hondartza atsedenerako leku bihurtu zen. 1960-70 hamarkadetan gustu eta moda aldaketak izan diren arren, Debak ez du tradizio turistikoa galdu. 

Gaur egun Debak itsasoari begira jarraitzen du, eta beti bezala, ezpainetan kresala duela bisitariari kostalde bikaina eta arlo ludikoa eta terapeutikoa harmonia osoz bat egiten duten bainu-etxe instalazio modernoak eskaintzen dizkio.