SURFa

Debako Santiago hondartza euskal kostaldeko ezagunenetariko bat da, eta, Lapari hondartzarekin batera, hamaika olatudun areatza zabala osatzen du. Olatuen kalitatea ezin hobea da eta maila guztietako surflarientzako olatuak aurki daitezke. Surferako ez ezik, body board, paddle surf eta bestelako ur kiroletarako ere benetan aproposa da. Udazken eta neguan, Sorginetxe inguruan euskal kostaldeko olaturik handienetako bat eratzen da eta herrigunetik kilometro gutxira, Sakoneta inguruan (biotopo babestua izendatutako zonaldean) olatu eder askoak aurki daitezke.

Iragarpena eta mareen taula ikusteko klikatu hemen

Olatuak

Adituen esanetan, Deban Bizkaiko Golkoko kostalde osoko olatu hoberenetakoak daude. Kilometro gutxiren barruan olatu piku kopuru handia aurki dezakegu, kalitate ezin hobea eta maila guztietako surflarientzako gainera. Debako Santiago eta Lapari hondartzak paregabeak dira surfean hasteko; izan ere, malda gutxiko hondartzak direnez, aparrek ibilibide luzea egiten dute eta surf egiten ikasteko oso leku aproposak dira. Marea baxuan bi hondartza horiek bat egiten dute eta olatu eskaintza anitza sortzen da, ezkerraldetik eskuinerantz hasita:

Eskollerako ezker olatua

 

Hondartzaren ekidaldean, marea baxutik marea erdirako tartean ateratzen da olatu hau. Ipar-ipar mendebaleko itsasoarekin, 0,5-2 metro arteko tamainari eusten dio. Hareazko itsas hondoa du.

 

Zezen arroka

 

Santiago hondartza erdiko olatu mistoa (eskuin eta ezkerra) da. Marea baxu, ertain zein altuan ateratzen da. Ipar-ipar mendebaleko itsasoarekin, 0,5-1,5 metro arteko tamainari eusten dio. Hareazko itsas hondoa du.

 

Aitzaundi


Santiago eta Lapari hondartzak banatzen dituen haitz multzoaren aurrean kokatzen da eskuin olatu hau. Marea baxutik ertainerako tartean ateratzen da. Ipar-ipar mendebaldeko itsasoarekin, 0,5-2 metro arteko tamainari eusten dio. Hareazkoa itsas hondoa du.

 

Lapari hondartza erdiko eskuin olatua

 

Marea baxutik ertainerako tartean ateratzen da. Ipar-ipar mendebaldeko itsasoarekin, 0,5-1,5 metro arteko tamainari eusten dio. Hareazkoa itsas hondoa du.

 

Lapari hondartzako Salbeko ezkerra

 

Hondartzaren amaieran kokatzen da, eskuin erpinean, haitzak hasten diren lekuan. Marea baxutik ertainerako tartean ateratzen da. Ipar-ipar mendebaleko itsasoarekin, 1,5 eta 2 metro arteko tamainari eusten dio. Hareazkoa itsas hondoa du.

Olatu handiak

Olatu handien surflariek badute Deban Kantauri itsasoaren benetako indarra eta potentzia bizi ahal izateko aukera. Lapari hondartzan, Sorginetxeko olatu erraldoia Gipuzkoako olatu handien adibide ikusgarriena da. Itxaspe, Sakoneta eta Mendata bezalako toki ezkutuagoetan ere, badira surflari trebe eta adituentzako olatu bizkor eta indartsuak.

Sorginetxeko eskuin olatu erraldoia

Gizpuzkoako olatu handien adibide ikusgarriena da. Indar handia du eta ur masa handia mugitzen du. Lapari hondartzako haitz muturrean kokatzen da, itsaso zabalari begira. Udazken eta neguko iparraldeko itsasaldiek askatzen dute olatu honen hoberenena. Marea baxutik ertainerako tartean ateratzen da. Ipar-ipar mendebaleko itsasaldiarekin 3-6 metro arteko tamainari eusten dio. Itsas hondoa haitzezkoa du eta soilik esperientziadun surflarientzako da egokia.

Itxaspe

Eskuin olatu apal eta jostaria, longboard zale eta surflari trebeentzat egokia.

Aitzuri

Sakonera gutxiagoko uretan eta branka zorrotzen gainean sortzen den ezker olatu bizkorra. Itsaski trinkoa behar du. Adituentzako olatua da eta mota guztietako ariketak egiteko aukera eskaintzen du, baita tuboak ere.

Basajaun eta Itziarko ezkerra

Basajaun olatua ezker labur baina indartsua da eta eskuin luze eta apalago bat du. Itziarko ezkerra, branka gainean lehertzen da, zehatza da, baina korronteek zail egiten dute leku egokian mantentzea, batez ere, itsaski handiak direnean. Lehen sekzioa adituentzako egokia da, bigarren sekzioa, berriz, surflari trebeentzat.

 

Puntaendata

Eskuinaldera beso luzea duen olatua ateratzen da, hasiera bertikala du baina gero asko apaltzen da. Zortzikoak egiteko olatu egokia da. Longboard zaleentzat eta surflari trebeentzat ere olatu polita da, pixkanaka indarra galtzen baitoa. Ezkerra, ostera, arriskutsuagoa, laburragoa eta indartsuagoa da. Hasieran borobil lehertzen da, tuboak egiteko aukera ematen du baina haitzak oso gertu daude. Lehen sekzioa igaro ostean, ariketaren bat edo beste egiteko aukera ere ematen du, baina olatuak aurrera egin ahala, haitzak beren buru zorrotza erakusten hasten dira. Surflari adituentzat eta bodyboard zaleentzat da egokia.

Txikipaid eta portutxiki

Txikipaid bodyboard zaleentzako olatua da. Sakonera urriko uretan lehertzen da indar handiz eta tuboak sortuz. Oso leku arriskutsua da.

Elorriaga branka

Ezker olatua da, hasiera indartsua du, borobila, tuboak egiteko modukoa, baina ez du oso beso luzea. Adituentzako lekua da, izan ere, ez da olatu erraza, sakonera gutxiko lekuan lehertzen denez arriskutsua baita.

 Eskolak

YAKO Debako Surf Eskola

Yako Surf eskola Debako Santiago hondartzan dago. Ikastaro eskaintza zabala du eta Surf eta Arraun Surfeko eskolak eskaintzen ditu haur, gazte eta helduentzat. Monitoreek  bikain ezagutzen dute zonaldea eta eskolak ematen eskarmentu handia daukate. Maila guztietako surflarientzako materiala alokatzeko zerbitzua ere eskaintzen dute.

2018an surf eta stand up paddleko ikastaroak eskainiko dituzte.

Arakistain plazan, Yako Surf dendan, punta puntako materiala eta jantziak topatuko dituzu.

Zurrunbilo

Debako Udaleko kirol sailak Zurrunbilo elkartearekin batera ekaina, uztaila eta abuztuan zehar surf eta body board ikastaroak antolatzen ditu hamasei urtetik beherako gaztetxoentzat.

Ikastaroak Debako Santiago hondartzan egiten dira eta bost eguneko iraupena izaten dute, hau da, astelehenetik ostiralera. Surf ikastaroak goizezegin daitezke, bi txanda aukeran: 10.00etatik 11.30era eta 11.30etik 13.00era. Body Board ikastaroak, berriz, arratsaldez 17:00etatik 18:30era izango dira.

Izen ematea Turismo Bulegoan egin behar da eta epea ekainean irekitzen da.

Segurtasuna

Segurtasuna surfean

  • Aztertu itsasorean baldintzak
  • Egiaztatu zure surfeko ekipamendua
  • Ez egin surfean bakarrik
  • Zure mailaren arabera egin surfean
  • Errespetatu surfeko jokabide-kodea
  • Ez nahastu surfa alkoholarekin eta drogekin
  • Ez egin surfean gauez
  • Jan ondoren itxaron 30 minutu gutxienez uretara sartu aurretik
  • Deshidratazioarekin eta hipotermiarekin kontuz ibili
  • Zeure burua arriskuan ikusten baduzu, eduki ohola beti zugandik gertu.
  • Ezagutu hondartzako segurtasun-arauak
  • Beroketak egin surfean hasi aurretik
  • Luzaketak egin surfean egin ondoren

Segurtasuna hondartzan

  • Kasu egin sorosleen adierazpenei eta bandera gorriari, bandera berdeari...
  • Aztertu hondartzako baldintzak
  • Ikasi korronteek nola funtzionatzen duten
  • Korronteak eramaten bazaitu, harekiko perpendikularki egin arraunean
  • Surfeko eskolak hartu surfean egin aurretik
  • Ezagutu segurtasun-arauak eta surfeko kodea
  • Zure ondasunak zaindu
  • Ezagutu sorosleen kokapena eta ordutegia
  • Eguzki krema erabili
  • Istripua gertatuz gero, 112ra deitu lehenik eta behin

Surfeko jokabide kodea

Surflarien jokabide-kodea hainbat arau unibertsalek osatzen dute; haien helburua surfa segurtasunez praktikatzea da eta idatzi gabeko surfeko legeak definitu nahi dituzte. Kode hori surflari guztiek jarraitu beharrekoa da, haien maila edozein dela ere.

Zure segurtasunerako, jarraitu arau hauek:

  • Ez egin saltorik (drop in): Olatua lehertzen den tokitik gertuen dagoen surflariak du surfeatzeko lehentasuna. Itxaron zure txanda lineupean. Hasiberriek ez dute linueperaino joan behar olatuak erabateko kontrolpean hartzeko gai direla ziur egon arte. (Lineup: olatuak lehertzen hasten diren eremua).
  • Lineup-erantz arraun egitea: Ez egin arraunean olatuak lehertzen diren eremurantz, beste surflariak datozen lekurantz. Olatuan datozen suflariek izango dute beti lehentasuna.
  • Komunikazioa: Olatua hartzen duzunean, jakinarazi beste surflariei zer asmo duzun eta norantz joango zaren
  • Ez askatu ohola: Eutsi oholari olatua zeharkatzean eta ikasi azpitik igarotzen. Ez askatu inoiz zure ohola, beste surflariak larri zauri ditzake.
  • Errespetatu tokiko surflariak, ez saiatu olatu guztiak hartzen eta errespetatu surflari adituenak. Ozeanoa eta hondartza garbi mantendu.

Bideoak