2019ko San Roke jaietarako kartel lehiaketa abian da

2019/07/03
Partehartzaileek uztailaren 16tik 21era bitartean aurkeztu beharko dituzte euren lanak udaletxeko kultura sailean edo turismo bulegoan. Kartel irabazlea aurtengo jaiak iragartzeko erabiliko da, eta 500 euroko saria lortuko du.

Jai Batzordea aurtengo San Roke jaiak iragartzeko kartel bila dabil, eta horretarako, urtero legez, kartel lehiaketa jarri du martxan. Interesa duen orok parte hartu ahal izango du, eta gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu bakoitzak. Lanak egiteko edozein teknika edo material erabili ahal izango da, eta kartelek 450mm x 680mm-ko neurriak izan beharko dituzte.

Interesatuek 2019ko uztailaren 16tik 21era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte kartelak udaletxean edo turismo bulegoan. Sari bakarra banatuko da, eta kartel irabazleak 500 euro lortzeaz gain, aurtengo San Roke jaiak iragarriko ditu.

Lehiaketarako oinarriak

  1. Nahi duen edonork har dezake parte. Partehartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkez ditzake.

  2. Lan horiek edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.

  3. Kartelek nahitaez argitaragabeak izan beharko dute; hau da, norberak sortutakoak. Baldintza hori bete ezean, lanaren egileak izango du erantzukizun osoa gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.

  4. Lanak ondorengo neurrietan aurkeztu beharko dira: 450mm-ko zabalera x 680mm-ko altuera.

  5. Lehiaketara aurkeztuko diren kartelek nahitaez eraman beharko dute honako izenburua:

ABUZTUAK 14-18

2019ko SAN ROKE JAIAK. DEBA

  1. Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira, eta egilearen honako datuak aparteko kartazal batean jarriko dira: jaiotze-data, NANa, herria, helbidea eta telefonoa.

  2. Lanak aurkezteko epea: 2019ko uztailaren 16tik 21era (14:00ak arte).

  3. Lanak turismo bulegora edo helbide honetara bidali beharko dira:

    Debako Udala- Kultura Saila

    Portu kalea 1, 20820 DEBA

  4. Epaimahaia Debako Udalak izendatuko du.

  5. Kartel irabazlea bakarrik sarituko da, eta 500 euro jasoko ditu.

  6. Saririk lortzen ez duten lanak hilabeteko epean jasoko dira, epaimahaiak bere erabakia hartzen duenetik kontatzen hasita. Epe hori igarotakoan lanak ez baldin badira jaso, egileak kartelak Debako Udalaren esku uzten dituela ulertuko da.

  7. Saria hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek ez balute behar adinako kalitate edo baliorik.

  8. Saria San Roke jaietako programaren aurkezpenean emango zaio irabazleari.

  9. Saritutako lana Debako Udalaren jabetzarako geldituko da, eta hark San Roke Jaien promoziorako egoki iritzitako erabilera eman ahal izango dio.

  10. Ez dira onartuko oinarri hauek betetzen ez dituzten edo baldintza hauetara egokitzen ez diren lanak.

  11. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla adierazten du.

  12. Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak, eta horien erabakiaren aurka jotzerik ez da egongo.

Euskal Jaia kartel lehiaketa

Aldi berean, irailean ospatuko dugun Euskal Jairako kartel lehiaketa ere martxan da. Zuhatza Euskara Elkarteak antolatuta, Euskal Jaia irailaren 28an ospatuko da, eta lehiaketara aurkezten diren kartelek derrigorrez testu hau eraman beharko dute: Euskal Jaia 2019 Deba (euskara hutsean).

Partaideek lan bakarra aurkeztu dezakete, eta lanaren neurria A2 tamainan kalitatez argitaratzeko modukoa izan beharko da. Formatuak derrigorrez bertikala izan beharko du, teknika librea izango da, eta kartela euskarri fisikoan nahiz digitalean aurkez daiteke.

Kartel irabazlea herritarrek hautatuko dute, botoen bidez, uztailaren 18an plaza zaharrean egingo den erakusketan; eta irabazleak 300 euro jasoko ditu.

Informazio gehiagorako, deitu 943 191 383 telefono zenbakira.

Iazko kartel irabazlea (Aritz Loiola)