Auzoak

Debako udalerria, Debako hiriguneaz gain, beste 11 auzok osatzen dute

ITZIAR

Debako hirigunetik 6 km ingurura dago Itziar. Bertan dago izen bereko santutegia, Ama Birjinari eskainitako gune garrantzitsua eta erakargarritasun erlijioso handia duen eliza. Itziarko Birjinari sor zaion miresmena antzinakoa da, herria bera sortu baino lehenagokoa. Santutegiaren barruan, Itziarko Ama Birjinaren XII. mendeko irudi erromaniko ikusgarria dugu aurrez aurre, euskal ikonografiako ederrenetakoa, itsasoko jendearen artean debozio handia pizten duena.

Itziarko lehen berriak 1027. urtekoak dira, Nafarroako Antso Handia erregearen karta batean beste bailara batzuekin batera Ticiar bailara agertzen baita. 

1294. urtean, Antso IV.ak Itziarko auzokideei hiri-gutuna eman zien, Itziarko Monte-Real.

Itziar abiapuntu bikaina da inguruetan oinezko ibilbideak egiteko. Bertatik Itxaspe, Elorriaga, Endoia, Mardari, Arbiskoa edo Lastur auzoetara joan gaitezke; eta Andutz, Otarre, Agiro, Sesiarte edo Erlo tontorretara igo gaitezke. Tontor horiek euskal geografiaren ikuspegi ezin ederragoak eskaintzen dizkiguten begiratoki panoramiko bikainak dira.