2022rako aurrekontuak onartu ditu Debako udalbatzak kontrako bozkarik gabe

2021ko abenduaren 22a2022rako aurrekontuak onartu ditu Debako udalbatzak kontrako bozkarik gabe

Abenduaren 21ean egin du Debako udalbatzak ohiko osoko bilkuran. Bertan landutako gai nagusia 2022rako aurrekontuena izan da. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena, beste alderdiek egindako zenbait ekarpenekin onartu da, EH Bildu (5) eta Debarren Ahotsaren (4) aldeko botoekin eta EAJ-PNVren (3) abstentzioarekin. 8,9 milioiko aurrekontu bateratua izango du Debako Udalak.

Udaleko aurrekontua 8.566.224€ da, Auzo Udalekoa 1.032.561€ eta Deba Musikal Patronatokoa 601.759€.

Aurrekontuak osatzeko orduan jarritako lehentasunezko gaiak Gizarte Zerbitzuetan 2020an eta 2021ean sortutako hainbat partida mantentzea, Kulturako jarduna indartzea eta Partaidetzan hasitako bideari jarraipena ematea izan dela azaldu zuen Itziar Irizar jarduneko alkateak. 

Covid-19ak areagotutako krisi sozialaren, sanitarioaren, ekonomikoaren eta ingurumen krisiaren testuinguruan osatu dira aurrekontuak, eta egoera horri ere erantzuteko pentsatu dira Irizarren esanetan. Horregatik, Gizarte Zerbitzuei dagokienez (608.000€), pandemia garaian sortutako hainbat zerbitzu edo diru-partida (Zaintza Sarea, Hezkuntza errefortzua, elikagai bankua...) mantendu beharra ikusi da. Gainera, Eguneko Zentroan zenbait inbertsio aurreikusi dira: leihoak, argiteria, guneak bereizteko ate irristailua ... 

Kultura eta aisialdiari lotuta aurreko urteetan egindako murrizketak kontuan hartuta, horiek berreskuratzeko partida jaso da %10 igota 2022rako aurrekontuetan. Gainera, Tene Mujikari lotutako jardueretarako 35.000€-ko partida ere sortu da. 

Energia berriztagarriekin eta eraikinen jasangarritasun energetikoarekin lotutako partidak indartu eta berriak sortu dira: Kiroldegian eguzki plakak instalatzea (45.000€), Udalari dagozkion instalazio elektrikoen ikuskapenak egin eta legean jartzea (20.000€), argiteria publikoa eguneratzen jarraitzea (20.000€), eta eraikin publikoen jasangarritasun energetikoaren azterketari jarraipena ematea, esaterako. 

Ekonomiaren Sustapena eta Landa Garapenari dagokionez, merkatuko eraikina birmoldatzeko azterketarekin jarraituko da eta Merkataritza Berrindartzeko Udal Plan Berezian (PERCO) zehaztutako ekintza planarekin baita ere. Proposamen berri bat ere badago, ibilbide naturalei balioa ematea helburu duena (6.000€). Bestetik, aurrehistoriaren bailarako proiekturako 2022rako ere beste 30.000€ aurreikusi dira. Horiek urtez urte gordetzen ari den kopuruei gehituko zaizkie. 

Hirigintzari dagokionez, Txosten eta irizpen teknikoen partida handitu da (40.000€) zenbait azterketa egiteko asmoz (Agirre jauregiko eta Gizarte Etxeko eraikinetako hezetasun eta isolamendu arazoak, Aldats pilotaleku gainaren birgaitzea, eliza inguruko hezetasun arazoak, merkatuko eraikina birgaitzea, hondartza eta ibaiko paseoa txukuntzea, Agerretxeko depositua handitzea...). Horrez gain, Europako funtsetara aurkezteko partaidetza tailerretan aztertutako Zumardiko guneari buruzko proiektu basikoa (65.000€) egingo da. Eta zerbitzuetako zenbait partida sortu dira, udaletxeko fatxada eta Ondargain txukuntzeko, adibidez.