220 herritarrek eman dute izena TEK Deba-Itziar Tokiko Energia Komunitatean
2026ko ekainaren 10aParte-hartze handi honek energia berriztagarrien aldeko interesa eta konpromisoa agerian uzten ditu, eta herritarren erantzun bikaina berresten du.
TEK Deba-Itziar komunitate energetikoak harrera bikaina izan du herritarren artean. Izen-emate epea ekainaren 7an, igandea, amaitu zen, eta 220 herritarrek eman dute izena, plaza guztiak betez. Parte-hartze honek energia berriztagarrien aldeko interesa eta konpromisoa islatzen du, eta herritarren erantzun oso positiboa berretsi du.
Apirilean zehar, bi informazio-saio egin ziren, Deban zein Itziarren, herritarrek proiektuaren helburuak, abantailak eta parte hartzeko aukerak ezagutzeko. Saioek harrera bikaina izan zuten, eta bertaratutakoek interes handia eta parte-hartze aktiboa erakutsi zuten, giro oso positiboan.
Aurrez jakinarazi bezala, tokiko energia-komunitatean parte hartzen duten pertsonek energia berriztagarriaren onurak eskuratu ahal izango dituzte, instalazio edo obra beharrik gabe, eta beren elektrizitate-fakturan %25erainoko aurrezkia lortzeko aukera izango dute.
“Guretzat pozgarria da hainbeste herritarrek parte hartu izana. Azkenengo hilabeteetan erakutsitako interesa eta konpromisoa ikusgarriak izan dira. TEK Deba-Itziar proiektua Debaren etorkizun energetikorako urrats garrantzitsua da, eta eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu herritar guztiei parte hartzeagatik. Herritarrei dei egiten diegu energia jasangarriagoaren aldeko ekimenetan parte hartzen jarraitzeko eta komunitatearekiko konpromisoa mantentzeko”, azpimarratu du Alazne Txurruka alkateak.