Aho batez onartu ditu Debako udalbatzak osoko bilkuran landutako gai guztiak

2022/05/05
Maiatzaren 4an egindako osoko bilkuran aho batez onartu dituzte udalbatzako kideek gai zerrendan jasotako guztiak. Hala, lanpostuen egonkortzerako egindako proposamena onartu zuten udalbatzako kideek. Enplegu Publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen aurreikuspenean aplikatze aldera osoko bilkurak 2022. urterako aldi baterako enplegua egonkortzeko aparteko lan-eskaintza publikoa onartu du.

Guztira, Udaleko 12 plaza egonkortu nahi dira. Lanpostuak okupatuta egon behar izan dute, aldi baterako eta etenik gabe, gutxienez 2020ko abenduaren 31ren aurreko hiru urteetan. Horretaz gain, musika eskolako plazak egonkortzea ere aurreikusten da; hamalau plaza dira, momentu honetan lan kontratadunek okupatuta.

Bestetik, Next Generation Funtsak diru-laguntzetara aurkeztuko den Gudarien Plazako guneko urbanizazio proiektuari buruz berri eman zen. Aldi berean landu zen, bi gaiak lotuta baitaude, Debegesaren eta Debako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, Euskal Kostaldeko Unesko Geoparkearen Helmugetako Turismo Jasangarritasuneko Plana Deban gauzatzeko.

Merkatuaren eraikina, Gudarien plaza eta bus geraleku berria kokatzeko urbanizazio bat aurkeztuko du Debako Udalak, Debegesaren bitartez eta Zumaiako eta Mutrikuko Udalen proiektuekin batera, Geoparkearen baitan. Dagigun partaidetza prozesuan herritarrek lanak eremu zabalagoan egitea eskatu badute ere, diru-laguntzek ezarritako epeetan egitea posible ikusi ez denez, erabaki da herritarrek emandako norabideari jarraitzea, baina jarduera eremua mugatzea, eta bi fasetan egitea.

Espazio hori inguratzen duen eremu zabalagoari erantzuna ematea izango litzateke bigarren fasea, gaurdanik ere martxan dena, hau da, denboran biak martxan daude, baina berrurbanizazio lanei dagokienean lehenik eremu txikia eta ondoren eremu zabala da. Negoziaketa eta prozedurei dagokienean, ordea, biak dira martxan: Debegesarekin hitzarmena sinatu, eta Next Funtsak diru-laguntza eskatu, batetik, eta egin beharreko azterketa zein negoziaketa ETS, GFAko Errepide Saila zein Portu Zuzendaritzarekin.

Gilen Garcia alkateak, halaber, Deba eta Mutriku lotzen dituen oinezkoen zubiko lanen inguruko azalpena ere eman zuen bilkuran. Gipuzkoako Foru Aldundia zubia birgaitzeko egiten ari den lanean ibili diren pisu handiko ibilgailuek kalteak sortu dituzte Hondartzako pasealekuan, eta hori konpon dezaten kudeatzen ari da Udala, lanak amaitu eta berehala, oinezkoentzat txukun egon dadin bidea. 

Halaber, hiru adierazpen instituzional ere adostu ditu udalbatzak, horiek ere aho batez. Ukrainari buruzkoaSaharari buruzkoa eta maiatzaren 17ko LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren testuinguruan egindakoa. 

Uztaileko eta abenduko ohiko osoko bilkurak egiteko datak ere finkatu ditu, egun hauetarako: uztailaren 21ean (osteguna) eta abenduaren 20an (asteartea).

Bilkuraren bideoa Udalaren Youtube kanalean dago ikusgai, hemen