Alarma egoeraren hilabetea beteta, aurrera begira jartzeko garaia heldu da

2020/04/17
Aste honetan hilabete bete da covid-19 birusak eraginda alarma egoera ezarri zenetik. Lehen mailako osasun premiak erantzuteko neurriak hartzea izan zen udalaren lehen egitekoa. Hilabete igarota, baina, sortuko den egoera berriari begiratzen hasteko une heldu da. Hori horrela, Gilen Garcia alkatea herriko eragileen beharrak eta nahiak jasotzeko erronda egiten ari da. Halaber, ekonomian izango duen eragina arintzeko ere zein neurri har ditzaken udalak aztertzen ari da udal gobernua.

Ez dira egun errazak izaten ari herritarrentzat azken hauek eta udala horren jakitun da. Lehen egunetan, premiazko neurriak hartu behar izan ziren: eraikinak itxi, jarduerak eten, udal langileak telelana egitea bideratu, kontratuekin nola jokatu erabaki... Egoera zaurgarrian dauden kolektiboak laguntzeko neurriak ere hartu ziren; zaintza sarea martxan jartzea, adibidez.

Ondoren, hainbat neurri ekonomiko hartu dira, herritarren zama arintze aldera, epeak malgutuz, adibidez. Eta une honetan, bestelako laguntzak aztertzen ari da udala, merkatari, ostalari... eta horren inguruan haien kezkak eta beharrak ezagutzeko erronda egiten ari da alkatea.

Hilabete pasa da eta osasun agintariek diotenez, oraindik bide luzea dugu aurretik. Horregatik, aurrera begira ere jarri da Debako udal gobernua: “Hainbat arlotan egin beharko ditugun aldaketak pentsatzen eta prestatzen ari gara, udaleko beste eragile politikoekin, Itziarko Auzo Udalarekin eta herriko eragileekin harremana egingo dugu datozen egunotan ildo horretan”, Gilen Garcia alkateak azaldu duenez. 

Herritarrak izaten ari diren jarrera abegikorra, laguntzeko prestutasuna eta ingurukoak zaintzeko jarrera txalotu ditu alkateak.