Aldundiak Gipuzkoako etorkizunari buruzko hausnarketan parte hartzera gonbidatu ditu Debako herritarrak

2022/06/23
Etorkizuna Eraikiz kapsula Deban izango da egun osoan

Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fase honen amaierara iristen ari gara jada, eta aste honetan ere, lurraldeko herri desberdinetan egiten dabilen biran geldialdi berri bat egingo du, Deban hain zuzen ere. Gaur goizean, kapsula herrira iritsi da, bertakoek lurraldearen etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz “Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu. Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten, eta denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara”, azpimarratu du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak.

Mendozak Deban bisitatu du kapsula, Gilen García, herriko alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.

Kapsula Deban jarri dute, Foruen plazan, eta bertan egongo da goizeko 10:00etatik 19:00ak arte “Alde batetik Lurraldea egun nolakoa den kontatzen diegu kapsularen baitan, zeintzuk diren Gipuzkoako ezaugarri eta balore nagusiak. Eta ariketa bikoitza egitea eskatzen diegu haiei, alde batetik, 2040ra begira, hau da, hemendik 20 urte barru nolakoa nahiko luketen Gipuzkoa izatea. Eta aldi berean, konpromezu bat hartzeko eskatzen diegu,  zein ekarpen egiteko prest dauden, ekarpen guztiek fruitua ematen bai dute ondoren, eta fruitu horri esker gaur egun, eta baita gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu dira”. gogoratu du Mendozak, herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratuz. Dinamika horren helburua da, halaber, herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea.

Bestalde, Gilen Garcia Debako alkateak adierazi duenez, "Partaidetzan eta kooperazioan oinarritutako gobernantza eredua ezarri dugu Deban, eta bertako herritarrekin batera ari gara etorkizuneko herria eraikitzen, konprometituta daude herritarrak, eta horrek ematen dio zilegitasuna egindako lanari, eta aberasteaz bat, indartu ere egiten du. Oraingoan Gipuzkoara begira jarriko dira debarrak. Herritarrekin bakarrik ez, beste erakundeekin ere lanean ari gara, Gipuzkoako Gobernantzako diputatuarekin berarekin aritu gara lanean hainbatetan, eta bideratu ditugu proiektuak, esaterako Itziarko Auzo Udalaren gaian. Bestetik, une honetan herrian bertan ari gara Dagigun partaidetza gunean lanean, eta hori bera Aldundiko teknikariekin elkarlanean gauzatzen ari gara, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan. Benetan sinisten dugu jarduteko modu partekatu honetan".

Etorkizuna Eraikiz kapsularen hirugarren fasea amaitu ondoren, jasotako ekarpenak aztertuko dira eta Etorkizuna Eraikiz egitasmoan txertatuko dira. Proiektu hau Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen du, eta Gipuzkoaren etorkizuneko erronkei erantzuteko lan egiten du, hainbat ekimenen bidez, hala nola, erreferentziazko zentroen, proiektu esperimentalen eta aurrekontu irekien bidez.

Ekimen parte-hartzaile hau oso interaktiboa da eta erabiltzaileari esperientzia bat sortzeko prestatu da, baina ezin dugu ahaztu bere helburu nagusia: ekimen honek herritarren parte-hartzeak eta lankidetzak lurraldearen beharrak konpontzeko duten garrantzia jasotzen du. “Gipuzkoa oso azkar hasi da aldatzen, etengabeko aldaketa prozesu baten aurrean gaude, eta garai berrietara eta gizartearen behar berrietara egokitu behar dugu; horretarako beharrezkoa da hainbat eragileren lankidetza, hala nola enpresa publiko-pribatuena, erakundeena, elkarteena… bai eta gizartearen parte-hartzea ere.