Amatasuna eta feminismoa oinarri dituen 'M ama* eme* ume*' liburua aurkeztu dute egileek Deban

2022ko maiatzaren 6aAmatasuna eta feminismoa oinarri dituen 'M ama* eme* ume*' liburua aurkeztu dute egileek Deban

Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatutako liburua da 'M ama* eme* ume*' liburua, biak lotzen dituena. Amatasun bakarra ez dagoela-eta, hausnarketarako gonbita egiten du liburuak. 2021. urteko Tene Mujika saria jaso zuten bi lesakarrek liburua ontzeko. Maiatzaren 5ean aurkeztu dute liburua lehenik Donostian, prentsari, eta ondoren Debako udaletxean egin den ekitaldian.

Amatasuna hamahiru lekukotasun jasoz landu dute, hamaika ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak… Askotarikoak dira esperientziak eta bizikizunak, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak; guztiak ere aberasgarriak eta zer pentsatua ematen dutenak.

Gilen Garcia Debako alkateak ongi etorri egin zien. Idazleekin batera Xabier Mendiguren editorea aritu zen aurkezpenean. Alkateak Tene Mujikarekin lotura egin zuen, bi erpinetik: emakume izatearekin eta euskararekin. Tene Mujika hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan Udala egiten ari den ekimenen inguruan ere aritu zen, eta esan zuen bereziki garrantzitsua iruditzen zaiola liburu hau, hain justu lantzen duen gaiagatik eta kokatuta dagoen momentuagatik.

Kultur Shareak egindako BIDEOA: