Anguleru kalean ikasteko gela sortzeko lanak bihar hasiko dira

2023ko martxoaren 8aAnguleru kalean ikasteko gela sortzeko lanak bihar hasiko dira

Anguleru kalean kokatuta dagoen, eta lehen baserritarren azokako postu bat hartzen zuen lokalean, ikasteko gela zabalduko du Udalak. 2019-2023 Gobernu Planean jasota dago hori sortzeko azterketa egiteko asmoa. Bada, azterketa egin ondoren, martxan ere jarriko da. Horrekin, gaur egun ikasteko dagoen baino leku gehiago izango dute herritarrek, eta horretarako ordutegi zabalagoa ere izango dute.

Bihar, martxoaren 9an, hasiko dira udal langileak lokala prestatzeko lanak egiten. Espazioa atontzeaz gain, igeltserotza, iturgintza lanak... egin behar dira. Barruko lana egiteaz gain, bertara heltzeko espaloian ere egingo dira lanak, lokalerako irisgarritasuna hobetzeko asmoz. Horretarako lokalaren aurrean dauden zamalanetarako bi leku kendu egingo dira espaloiko lanek iraun bitartean. Pareko espaloia erabili beharko dute oinezkoek. 

Launa pertsonentzat lekua izango duten lau mahai jarriko dira. Berogailua, komuna eta wifia eskainiko dira. Erabilera irekikoa izango da, hau da, behin erabiltzeko eskaera eginda, erabiltzaileari emango zaion kode baten bitartez hark behar duen ordutegian joan ahal izango da bertara. Funtzionamendurako irizpideak aurrerago jakinaraziko dira.

Aurreikuspena da lanak hiru hilabetetan amaitzea eta proiektuak 16.000 €-ko aurrekontua du.