Antzerki Astea Debara itzuliko da, maiatzaren 22tik 31ra, sormen, antzerki eta proposamen anitzez osatutako egitarauarekin

2026ko maiatzaren 19aAntzerki Astea Debara itzuliko da, maiatzaren 22tik 31ra, sormen, antzerki eta proposamen anitzez osatutako egitarauarekin

Bederatzi egunetan zehar, kale antzerkia, poesia eta musika errezitaldiak, umeentzako eta helduentzako lanak, baita sormen tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak egongo dira, GOAZ Antzerki Taldeak antolatuta.

Antzerkiak Debako kale, plaza eta aretoak hartuko ditu maiatzaren 22tik 31ra, GOAZ Antzerki Taldeak antolatutako egitarau zabal eta anitzarekin. Bederatzi egun hauetan, udalerria emanaldi, istorio eta sormen proposamenez beteko da, herritarrak kulturaz gozatzera eta esperientzia partekatuetan murgiltzera gonbidatuz. 

2026ko Antzerki Asteak publiko guztientzako askotariko proposamenak eskainiko ditu; besteak beste, Zurrunka Teatro eta La Semilla Voladoraren (Gasteiz) “Birakolore” kale ikuskizuna, Zurriola Antzerki Eskolaren (Donostia) “Bernarda klownaren etxea” edota Arrapaladan taldearen (Elorrio) “Abdukzioa, ke barbaridad!” komedia. Era berean, Itzuli Konpainiaren (Baiona) “Adriene bergson-johnson”, Gilkitxaroren (Bilbo) “Alperrak, tunanteak eta maleanteak” eta Supituki taldearen antzerki inprobisatuzko “Supituki show” emanaldiak ere izango dira ikusgai.

Horrez gain, gazteen sorkuntzak ere bere lekua izango du, Debako GOZATUZ ikastaroko umeen “Romeo = Julieta”, “Herria lo” eta “Requiescat In Pace” lanekin, baita Aizarnako Herri Eskolaren Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako saio bereziarekin ere.

Bestalde, maiatzaren 30ean eta 31n inprobisazio tailerra eskainiko du Supituki taldeak, antzerki-jolas eta dinamika praktikoen bidez antzerki inprobisatuaren oinarriak lantzeko. Tailerra ikasi, jolastu eta sormena garatu nahi duen edonorentzat izango da. Era berean, maiatzaren 31n, 19:00etan, Itziarko Burugorrin, Giltxaro (Bilbo) taldearen Alperrak, tunanteak eta maleanteak antzezlana izango da ikusgai. Gozamenaren aldarrikapena eta anormaltasunaren apologia egiten duen lan labur honek memoria eta historia arakatzen ditu komediaren bidez.

Izen-emateak helbide honetan egin daitezke: goazantzerkitaldea@gmail.com

Informazio gehiagorako eta sarrerak eskuratzeko: https://labur.eus/GoazAntzerkiAstea.

Egitarau osoa eskuragarri hemen