Antzerki sorkuntzarako beka deialdia ireki da euskararen arnasguneen garrantzia aldarrikatzeko

2021ko azaroaren 2aAntzerki sorkuntzarako beka deialdia ireki da euskararen arnasguneen garrantzia aldarrikatzeko

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk Arnasguneak antzerki sorkuntzarako beka sortu dute. Euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzea izango da bekaren helburua. Guztira 23.000 euro jasoko ditu irabazleak eta antzezlana 2022ko Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan estreinatuko dute. Antzezlana sortzeko Dinamoa sormen gunea erabiltzeko aukera izango du saritutako taldeak. Antzezlanaren estreinuaz gain, bekaren antolatzaileak, gutxienez beste hamar emanaldi lotuko dituzte. Egitasmoak jasotzeko epea irekita dago azaroaren 15era arte.

Beka deialdia Arnasa Gara kanpainaren barruan kokatzen da. 2019an Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk sortutako ekimena da Arnasa Gara, eta bi helburu nagusi ditu; batetik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek euskarari egiten dioten ekarpena nabarmentzea eta, bestetik, herritarrak arnasguneen garrantziaz jabetzea.

Aurtengo kanpainaren muina izango da arnasguneen garrantzia jendarteratzeko berariaz sortutako antzezlana estreinatzea eta herriz herri zabaltzea. Antzezlana sortzeko beka deialdira edozein antzerki talde aurkez daiteke, oinarrietan zehaztutakoa onartuz gero. Lana euskaraz sortu beharko da eta proposamenak aurkezteko epea, berriz, 2021eko azaroaren 15ean amaituko da. Deialdira aurkeztutako lanak aztertu ostean, epaimahaiak 2021eko abenduaren 3an jakinaraziko du bekaren irabazlea zein izan den. 

Irabazleak, 23.000 euro jasoko ditu guztira, eta 2022ko apirilaren amaierarako aurkeztu beharko dio oinarrizko gidoia epaimahaiari. Era berean, antolatzaileek ordainduta, Azpeitiko Dinamoa sormen gunea bizpahiru astez erabiltzeko aukera izango du antzerki taldeak  egonaldia, sormenerako espazioa, baliabide teknikoak, lotarako lekua eta otorduak barne. 

Bekaren oinarriek zehazten dutenez, talde irabazleak 23.000 euro horiekin ordaindu beharko ditu atrezzoa eta eszenografiaren gastuak, besteak beste. Horrez gain, antolatzaileek zehaztutako lau udalerritan antzezlana doan eskaini beharko du. Antzokirik ez duten herri txikietako emanaldien baldintzak, berriz, antolatzaileek eta talde irabazleak adostuko dituzte.


Antzezlana Azpeitiko Euskal Antzerki Topeketetan aurkeztuko da 

Behin antzezlana 2022ko azaroan Azpeitiko Euskal Topaketetan aurkeztu ondoren, gutxienez, beste 10 emanaldi lotuko dira, taldearen katxea aintzat hartuta eta herri txikietara moldatuta. Zehazki, oinarrietan eskatzen den kontuetako bat da antzezlana antzokietarako zein areto txikiagoetarako moldatzeko modukoa izatea, euskararen arnasguneak diren herri asko txikiak direlako eta antzokirik ez dutelako. 

Oinarrietan gutxienez 10 emanaldi zehazten badira ere, asmoa da antzezlana ahalik eta herri gehienetara zabaltzea, beti ere baldintzak eta egutegia antzerki taldearekin adostuta, haren gaitasunaren eta agendaren arabera.

Antolakuntzak Dinamoa sormen gunearen eta Azpeitiko Udalaren laguntza izan du oinarriak zehazteko, eta epaimahaian ere kide bana izango dute horiek, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta UEMAk izendatutako ordezkariekin batera.

 Oinarriak eta material osagarria: