Apakin Guraso Taldea sortu da

2020/02/26
Euskararen erabilera sustatzea du helburu talde sortu berriak. Honen erabilerarekiko duten kezkak eraman ditu elkartzera. Martxoaren 5ean egingo dute lehen ekimena: Batu sutondora kafe tertulia.

Joan den urte bukaeran udalak haur eta gazteen euskararen erabileran urratsak emateko familietatik egin zitekeenaz hausnartzeko deialdia egin zuen. Erabilerarekiko gurasoen kezka agerian geratu zen, baina ez ziren horretan gelditu eta ordutik hilero bilerak egiten jarraitu dute. 

Azken asteotan, herriko paretetan hainbat kartel ikusi da, lehenik portzentaiak zituztenak soilik eta ondoren gero eta azalpen gehiagorekin. Guraso talde honek herriko plazan euskararen erabilera neurtzeko egindako azterketaren emaitzak ziren zifra horiek. 

Antolatzea erabaki dute, hortaz, eta Batu sutondora kafe tertulia izango da antolatu duten lehen ekimen publikoa. Ebete elkartearen laguntza izango da: egoera desberdinak nola kudeatu, beste herrietako esperientziak ezagutu... Martxoaren 5ean izango da, 18:30ean Agirre jauregiko Ispiluen gelan.