Artzabalgo espaloia egiteko prozedurari hasiera eman dio Debako udalbatzak

2022ko maiatzaren 27aArtzabalgo espaloia egiteko prozedurari hasiera eman dio Debako udalbatzak

Maiatzaren 26an egin duen ohiko osoko bilkuran, Debako udalbatzak aho batez onartu du N-634 errepidearen ondoan, Artzabal auzoko 1 eta 13 zenbakien artean, espaloia egiteko proiektua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debako Udalaren arteko hitzarmena.

Aspaldiko beharra da Artzabalgo espaloiarena, eta Errotazar futbol zelaira eta hilerri berrira oinez joateko bidea seguruagoa izango da espaloia egiten denean, baita aurreikusita dagoen historiaurreko bailarako ibilbidea ere. Gaur egun errepidetik egin behar da zati bat. 

Zabalera aldakorreko espaloi bat proiektatu da galtzadaren maila berean eta behar den espazioa errepidearen zabalera murriztuz lortuko da. Oinezkoen segurtasuna eta ibilgailuetako gidarien pertzepzioa areagotzeko, kautxuzko baliza eta bereizgailu islatzaileak jarriko dira espaloi osoan zehar. Galtzada estutzearekin, aurreikusi da ibilgailuek abiadura murriztuko dutela, eta oinezkoentzat irabazi. 

Proiektuan aurreikusitako obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 189.875,80 eurokoa da, BEZa barne, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 114.586,71 euro finantzatuko ditu gehienez, BEZa barne, sinatuko den hitzarmenean jaso denez. 

Bileran landutako gainontzeko gaiak ere aho batez onartu dira. Esaterako, kreditu aldaketa baten bidez, 90.000 euro bideratuko dira Itziarko baserri-bideetan udazkeneko lur-jauziek eragindako kalteen konpontze lanak egitera.


Osoko bilkuraren bideoa ikusgai dago Udalaren Youtube kanalean, hemen.