Aste honetan berrekingo zaio udal buletinaren bidalketari

2020ko irailaren 1aAste honetan berrekingo zaio udal buletinaren bidalketari

Abuztuko etenaldiaren ondoren, irailaren 4an jasoko dute berriz ere udal buletina harpidedunek. Apirila hasieran sortu zuen udalak herritarrekiko komunikazio tresna hau. Buletinaren sorreran esan bezala, Debako udal gobernuaren jardunaren oinarri garrantzitsuak dira herritarrekiko komunikazioa eta gardentasuna. Horregatik nahi dugu herritarrekiko informazio jarioa handitu eta eraginkortu. Ildo horretan ere Debaberri udal aldizkariaren maiztasuna handitu eta egonkortu egin da. Eta aurrera begira ere udalaren webgunea berritzeko asmoa dugu, intuitiboagoa, erabilgarriagoa eta erakargarriagoa eginez.

 

COVID-19ak eragindako pandemia egoera berezian sortu zen buletina. Ohiko informazio jarioa indartzeko beharra ikusi zuen zuen udal gobernuak une horretan. Eta orduan abiatutako bide hori mantentzeko apustua egin du. 

Hau honela, eta ikasturte hasiera baliatuz, komunikazio kanpaina egingo du buletinaren presentzia indartzeko. Sare sozialetan egingo den komunikazio kanpainarekin batera, herriko eragileei ere gonbidapena egingo zaie tresnaren berri eman dezaten haien bazkide eta kideen artean. Halaber, haien taldean herritarrentzat sortzen dituzten hainbat informazio tresna hau erabiliz hedatzeko aukera eskainiko zaie. 

Gilen Garcia Boyra Debako alkatearen hitzetan, “gure helburua da ahalik eta herritar gehienek izan dezaten zuzeneko eta kalitatezko informazioa. Ostiralero, aurreko astean Debako udalak eta Itziarko auzo udalak sortzen dituzten informazioen berri zuzena jasotzen dute herritarrek buletinaren bitartez. Osasun egoera bereziak sortutako informazioak herritarrei helarazteko tresna baliagarria da. Udalaren beste tresna komunikatiboekin batera informazio jario eraginkorra izan nahi dugu”.

Oraindik harpidedun ez direnek, harpidetza egiteko bi aukera izango dituzte. Hainbat udal eraikinetan harpidetza-orriak jarriko dira herritarren eskura, eta bestetik, formulario digital hau betez:https://labur.eus/Deba_UdalBuletina_HARPIDETZA.