Astelehenetik aurrera, ekainak 16, Debako haur eta gazteentzako liburutegiak Liburutegi orokorraren ordutegi bera izango du
2025ko ekainaren 11aAzken hilabeteetan, gobernu-taldeak etengabe lan egin du Liburutegia Denontzat taldeak planteatutako kezkei irtenbiderik onena emateko, eta, horretan oinarrituta, astelehenetik aurrera, haur eta gazteen liburutegia 9:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:45era irekiko da. Era berean, astelehenetik aurrera, 0 urtetik gorako pertsona guztiek eskatu ahal izango dute liburutegiko txartela. Alazne Txurruka: "Gobernu honek debar guztientzat eta debar guztien alde egiten du lan, eta kasu honek eragin dituen diskriminazio zantzuen aurreran, gure lehentasun nagusia izan da hori ezabatzea”.
Herritarren ongizatearekiko konpromiso irmoari helduta, Debako Udalak, modu aktibo eta irekian erantzun die Liburutegia Denontzat taldeak 0 eta 15 urte bitarteko haurrak udal liburutegian egoteko ordutegiari buruz plazaratutako kezkei.
Izan ere, taldeak egindako eskaeren artean, adin horretako haurrak liburutegian egoteko ordutegia mugagabea izatea eskatzen zion Udalari, hau da, 0 eta 15 urte bitarteko haur zein gazteek liburutegia espazio hori irekita dagoen ordutegi osoan erabili ahal izatea. Eskaera hori, Liburutegia Denontzat taldeak egindako beste eskaerekin batera, arretaz aztertu du tokiko gobernuak azken hilabeteetan, eta etengabeko harremanetan jardun du hainbat erakundetako profesional eta teknikariekin, betiere ahalik eta konponbiderik onena bilatzeko.
"Udalak familia guztiei irtenbide egokia eta bidezkoa eskaintzeko lan egin du uneoro. Lehenengo eskaera jaso zenetik, gobernu-taldeak ez du jarrera itxia erakutsi; aitzitik, elkarrizketarako ateak ireki ditu, eta hainbat erakundetako adituengana eta langileengana jo du aholkularitza jasotzeko. Gainera, gobernu honek debar guztientzako eta debar guztien alde egiten du lan eta kasu honetan gertatu bezala, edozein diskriminazio zantzuren aurrean, gure lehentasun nagusia da diskriminazio hori ezabatzea", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Hala, astelehenetik aurrera, Debako haur eta gazteen liburutegiak liburutegi orokorraren ordutegi bera izango du, hau da, zabalik izango ditu ateak 09:30-13:00 eta 16:30-19:45 bitartean, 0 eta 15 urte bitarteko haur eta gazteentzat.
Horrez gain, astelehenetik aurrera ere, 0 urtetik gorako pertsona guztiek izango dute liburutegiko txartela eskatzeko aukera, modu horretara, liburutegiak eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea erraztuz, adina edozein dela ere.