Aurrekontu parte-hartzaileen bozketa-fasea atzeratu du Debako Udalak
2025ko maiatzaren 6aEkimenak harrera ezin hobea izan du herritarren artean eta lehen fasean jasotako proposamen kopuru handia dela eta, Udalak denbora gehiago behar du horiek behar bezala aztertzeko. Bozketa prozesua maiatzaren 21ean hasiko da eta ekainaren 4ra arte luzatuko da.
Debako Udalak, aurrekontu parte-hartzaileen proposamenen fasean jendearen erantzun handia ikusita, bozketaren fasea bi astez atzeratuko dela jakinarazi du.
Ekimenak harrera ezin hobea izan du herritarren artean. Lehenen fasean, 438 proposamen baino gehiago aurkeztu ziren, Udalaren hasierako aurreikuspenak gaindituz, horrenbestez, aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar du Udalak horiek guztiak aztertu eta ebaluatzeko.
Hori dela eta, Udalak, herritarren parte-hartzea beste behin eskertu eta bozketa fasea bi astez atzeratu du. Hala, data berriak maiatzaren 21etik ekainaren 4ra arte izango dira.
Bozketa prozesua aurreko fasearen oso antzekoa izango da. Udalak informazio-esku-orri bat bidaliko du etxe guztietara. Esku-orri horretan bozka daitezkeen proposamenak zehaztuko dira eta botoa emateko balioko du. Gainera, postontziak jarriko dira udal-eraikinetan, proposamen-fasean erabili ziren berberak, botoa paperean (esku-orri bitartez) ematea erabakitzen dutenentzat. Postontziak Udalaren herritarrentzako arreta zerbitzuan, musika eskolan, kiroldegian, turismo bulegoan, liburutegian eta jubilatuen etxean jarriko dira. Halaber, postontzi bat jarriko da Itziarren, botoa bertan eman nahi dutenentzat.
Paperean bozkatzeko aukeraz gain, online inprimaki bat ere egongo da eskuragarri, botoa modu digitalean eman nahi dutenentzat. Hala ere, Udalak aurrerago emango ditu fase honekin lotutako xehetasun guztiak.
Bozketa fasearen atzerapen horrek Debako Udalak parte-hartze prozesuaren gardentasunarekin eta kalitatearekin duen konpromisoa islatzen du. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da udalerri bidezkoagoa, irisgarriagoa eta iraunkorragoa eraikitzen jarraitzeko.