Aurrez ezarritako igotze progresiboari jarraituz onartu ditu udalbatzak 2023rako ordenantza fiskalak

2022ko irailaren 30aAurrez ezarritako igotze progresiboari jarraituz onartu ditu udalbatzak 2023rako ordenantza fiskalak

2020. urtean Debako Udalaren ordenantza fiskalen eguneraketa garrantzitsua egin zen, orduko osoko bilkuran azaldu zen moduan, urte luzez aldaketarik, hau da, eguneraketarik egin gabe baitzegoen. 2021. urtean, aho batez onartu zen aurrera begirako irizpide bat markatzea, eta urtez urte egitea eguneraketa, bat-batean igoera esanguratsurik egin behar ez izateko, eta gutxienez %1eko igoera egitea.

Hori horrela, atzo, irailak 29, udalbatzak egindako ohiko osoko bilkuran udalbatzak onartu zuen, aho batez, zerga eta tasa publikoak, oro har %1 igotzea. Hondakinen bilketari dagokionez, %2,8 igoko da. Kasu horretan, Mankomunitateak ezartzen baitu igoera, eta aurten hori aurreikusi du Debarako. 

Itziar Irizar alkate orde eta Ogasun zinegotziak bilkuran azaldu zuenez, “Udalak duen diru-sarrera garrantzitsuena da hau, Foru Funtsarekin batera, eta beharrezkoa da arduraz jokatzea, eta urtez urte dagoen egoerara doitzea debarrek merezi dituzten kalitatezko zerbitzu publikoak jaso ditzaten”.

Bilkuran landutako beste gai bat ia milioi bat euroko kreditu aldaketa egitea izan zen. EH Bilduren (6) eta EAJ-PNVren (3) aldeko botoekin onartu zen. Debarren Ahotsa (4) abstenitu egin zen. Hainbat partida barnebiltzen ditu, horietatik 3 dira berriak.

Gainontzeko guztiak aurretik jasotako aurrekontuei gehitzeko diru-kopuruak izango dira. “Horietako batzuk handitu behar izan dira egun dagoen mundu mailako egoerak eraginda prezioak igo egin direlako, edo aurreikusi dugulako lan gehiago egitea. Uste dugu altxortegian dagoen dirua herritarren onurarako erabiltzeko dela, eta horregatik proposatu dugu kreditu aldaketa hori egitea. Deba txukuntzeko inbertsioak izango dira. Batzuk herritarrek egindako eskaerei erantzuteko, eta zor diegu”.