Aurtengo udan, Josette Dacostaren arte-erakusketa izango dugu Santa Maria elizako klaustroan

2018/06/28
"Etxalde baten omenez" izenburupean, Josette Dacostaren lanak ikusgai izango dira uztailean eta abuztuan. Debako erakusketa artistikoaren XIV. edizioaren inaugurazio ekitaldia larunbatean izango da, 13:00ean, Santa Maria elizako klaustroan.

Datorren larunbatean estreinatuko da udako arte-erakusketaren XIV. edizioa. Santa Maria elizako klaustroan Josette Dacostaren lanak egongo dira ikusgai uztaila eta abuztuan zehar. Edizio hauetan guztietan, lehenengo aldiz, Debako arte-erakusketa honen izenburuak Euskal Herriko elementurik herrikoienari egingo dio ohore: etxaldeari.

Pedro Bengoetxea Debako alkatearen hitzetan, “Dacostarekin ofizialki emango diogu hasiera Debako uda artistikoari, eta harekin batera, kolorea, argia eta beroa iritsiko dira, neguko lanbroak eta aurtengo udaberri ez-ohiko honetako kolore grisak ahazten lagunduko digutenak”. Izan ere, Josette bakarti eta isilkor gisa deskribatu izan duten artista bat da. Horrexegatik, beharbada, “hitzekin baino gehiago koloreekin hitz egiten duela” berresten du artistak berak.

Euskal Herriaz elikatzen da bere sentsibilitatearekin ikusten, zizelkatzen eta modelatzen dituen paisaiak asmatzeko, kolore biziak eta kontrasteak erabiliz, olioak, pigmentuak eta materia organikoak nahastuz, koloreari eta sentsualitateari abesten dioten argi biziekin bere geografia lortu arte, gainditu eta hautsitako mugetan barrena”, dio Catherine Clerc kazetari eta arte-kritikariak.

Beraz, bere artelan kolorezalea eta adierazgarria ikusita, esan genezake Josette oso berritsua dela artearen ikuspegitik: bere artelanak asko dio, hitzek adierazten ez dutena ere adierazten baitu.

Erakusketa

Etxalde baten omenez baserri baten memoriari eskaini nahi izan dion erakusketa da. Berrautia du izena, eta artista bizi den herria inguratzen duten basoen bazterrean dago. Nafarroa Behereko, Iparraldeko, ohiko etxalde bat da, eta horma zuriak eta gorriz margotutako pertsianak ditu. Erakusketa honetan ez dago Berrautiaren koadrorik, asko margotu baditu ere. Dena den, haren presentzia leku guztietan dago presente.

Udako erakusketa artistikoaren XIV. edizioa larunbat honetan, hilaren 30ean, estreinatuko da. Inaugurazio ekitaldia Santa Maria elizako klaustroan bertan egingo da, eguerdiko 13:00ean. Erakusketari dagokionez, Dacostaren lanak uztaila eta abuztuan zehar, goizez nahiz arratsaldez ikusi ahalko dira.

Uztaila Abuztua

Egunak

Asteartetik igandera

Egunero

Ordutegia

09:00-13:00

17:00-20:00

09:00-13:00

18:30-20:00