Beirak bizitza asko izan ditzake, birziklatu ezazu

2018ko urriaren 23aBeirak bizitza asko izan ditzake, birziklatu ezazu

Debabarreneko Mankomunitateak, Ecovidriokin batera, beirazko ontzien gaikako bilketaren aldeko sentsibilizazio kanpaina garatuko du, jasotako beira kopurua eta jasotako beiraren kalitatea gehitzeko asmoz.

Kanpaina hau biztanleri osoari zuzenduta dago eta informazio-dinamizazio puntu ibiltari batean oinarritzen da. Informazio puntu honek, beiraren gaikako bilketaren eta edukiontzi berdearen inguruan herritarrei informatzea du helburu, adibidez: beira 100%ean birziklagarria dela, edukiontzi berdean utzi behar dena (beirazko ontziak: botila, pote eta flaskoak) eta utzi behar ez dena (zeramika, portzelana, ispilu eta leihoetako kristalak, bonbila, fluoreszenteak, tapak, tapoi eta txapak, kortxoak, plastikozko poltsak), beiraren birziklapen zikloa, herritar guztien parte hartzearen garrantzia eta norbanakoaren konpromezu pertsonala, zalantzak argitzea...

Puntu hauek, informazio panel eta jolas parte-hartzailez hornituak daude eta jolasez gain, bi tailer egongo dira. Bata txapak eta imanak egiteko izango da eta bestea beira birziklatuarekin egindako bolatxoekin pultserak/lepokoak sortzeko.

Informazio puntura gerturatzen diren pertsona guztiei, beirazko ontzietan ontziratutako eta bertako produktuekin egindako otarra eder bat irabazteko aukera emango zaie.

Ermua eta Eibarko arrakasta ikusi ondoren Debara iritsiko da puntu ibiltaria urriaren 26an, ostirala, (16:00etatik 19:30era) Debako Foruen Plazan, aurrerago mankomunitateko beste herri batzuetatik ere pasako da kanpaina.

Animatu eta parte-hartu!