Bihar abiatuko da Europako Geoparkeen 9.astea

2019/05/17
Maiatzaren 25era bitartean, Geoparkeak ekimen ugari antolatu ditu Deban, Mutrikun eta Zumaian, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta.

Bihar hasi eta maiatzaren 25era bitartean, Europako Geoparkeen Astea ospatuko du Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Deban, Mutrikun eta Zumaian, bederatzigarren urtez jarraian. Ekimen hau Europan egun dauden 73 geoparkeetan egingo da aldi berean, tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera eman eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin.

“Lur azpiko mundu ezkutua” izenburu pean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak egitarau zabala antolatu du, zientzia, kultura eta natura ondarea ardatz hartuta. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira eta doakoak izango dira; geoparkea.eus atarian kontsulta daiteke egitarau osoa.

Ez da lekurik geratzen Ermittia Bekoa kobazulora egingo den espeleologia irteerarako

Bihar, larunbata, abiatuko da Europako Geoparkeen Astea. Debako Ermittia Bekoa kobazulora espeleologia irteera antolatu du Geoparkeak, Felix Ugarte Espeleologia taldearekin batera. Dagoeneko taldea osatuta dago, eta ez da plazarik geratzen.

Adituen laguntzarekin, kobazulo karstiko honek gordetzen dituen pasabide eta ezaugarri bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango dute parte-hartzaileek.

Geoparkeko barrunbeak ezagutzeko aukera ezin hobea izango da hau. Gogoratu behar da, Geoparkearen barnealdeko ingurune karstikoan aztarna arkeologiko ugari aurkitu diren kobazulo kopuru handia biltzen dela, horien artean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako Ekaingo koba edota Praileaitzeko historiaurreko santutegia.

Karst: urak eraman ez zuen paisaia hitzaldi-tailerra

Maiatzaren 21ean, asteartean, Deban, ekimen berritzaile bat egingo da tailer moduan. Parte-hartzaileek bizi garen ingurune eta paisaiaren bilakaera ulertzeko aukera ematen diguten ikerkuntza-teknikak ezagutzeko eta erabiltzeko aukera izango dute. EHUko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlari talde batek gidatuko du tailerra.

18:00etatik 20:00etara egingo da Alamedako kioskoan eta doakoa izango da.

Xabier Orue-Etxeberriari omenaldia eta GeoTalks ekimenaren 3. edizioa

GeoTalks ekimenaren 3. edizioa antolatu du Geoparkeak datorren asteazkenerako, hilak 22, “Zumaia eta dinosauroen desagerpenaren gakoa. Historiaren atzean dagoen istorioa” izenburu pean.

Zientzia eta zinema lotuko ditu ekimenak; “El día que murió el mesozoico” film laburraren emanaldia eta zientzialarien arteko solasaldia egingo da (gaztelaniaz). Solasaldian arituko dira, batetik, Jose Antonio Arz, Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan aditua, eta, bestetik, Estibaliz Apellaniz, EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria, izango dira. Solasaldian gidari izango da Asier Hilario, Geoparkeko zuzendari zientifikoa.

Horren aurretik, baina, EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide Xabier Orue-Etxebarriak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria jasoko du. Lehen aldiz emango den aitorpen honek Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertu eta aintzatetsi nahi du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Ia 40 urte luzez egindako ikerketa lan mardulari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du. Azpimarratzekoa da, esaterako, Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua. Horregatik guztiagatik, eta laguntzeko beti prest egon delako, Geoparkeak ‘Ohorezko Geoparkezale’ oroigarria emango dio.

Ekitaldia irekia izango da. Zumaiako Aita Mari zineman egingo da maiatzaren 22an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Xabier Peñalver arkeologoaren hitzaldia Praileitz kobazuloko azken aurkikuntzei buruz

Maiatzaren 23an, osteguna, Xabier Peñalver Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoak hitzaldia emango du, Debako Praileaitz I haitzuloan egin dituzten azken aurkikuntzen berri emateko. Hitzaldia Debako Kultur Elkartean izango da, 19:00etatik aurrera.

2000. urteaz geroztik lan arkeologikoak egiten ari dira bertan, eta aurkikuntza garrantzitsuak bata bestearen atzetik datoz. Azken aurkikuntzak orain dela 200.000 urte ingurukoak dira, Behe Paleolitokoak. Besteak beste, elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra topatu dute. Aro horretako aztarnak, oraingoz, oso bakanak dira gure inguruan.

Espeleologoa naiz marrazki lehiaketa

Maiatzaren 24an, ostiralez, publiko gaztea izango da protagonista. Espeleologoa naiz marrazki lehiaketako sarien banaketa egingo da. Debako, Mutrikuko eta Zumaiako lehen hezkuntzako ikasleek hartu dute parte lehiaketan, 6 eta 12 urte bitartekoak. Sarien banaketa Zumaiako Oxford aretoan egingo da, 18:00etan.

Argazkilaritza tailerra

Azkenik, maiatzaren 25ean, larunbatez, mugikorrarekin paisaia, landare, egunsenti eta abarri argazkiak ateratzea gustuko dutenek eta teknika berriak ikasi nahi dituztenek hitzordua izango dute Zumaian; Soraya Lopezek eta Sonia Alvarezek Atera argazkiak naturari zure mugikorrarekin tailerra eskainiko dute.

Egun osoko saioa izango da, goizeko 09:00etatik 13:30era (teoria) eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara (praktika). Alondegian egingo da eta izen-ematea doakoa da. Interesa dutenek ingurumena@geoparkea.com helbidera idatziz eman behar dute aurrez izena.

Egun berean, larunbatean, Karsteko zaporeak bisita gidatua eskainiko du Geoparkeak dohainik. Euskaraz izango da.

Ate irekiak Nautilusen eta Algorrin

Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte euren baliabideak ezagutzera eman eta Geoparkeko ondare geologikoa eta naturala herritarrei hurbiltzeko. Nautilusen, sarrera irekia izango da maiatzaren 18an, 19an eta 25ean. Algorrin, berriz, ate irekiak Geoparkearen Astean zehar egingo dira, maiatzaren 18tik 25era.

Aipatzekoa da, era berean, Ekaingo kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrenaren harira, erakusketa ireki duela Debako Agirre Jauregian. Erakusketak, lehenengoz, Ekaingo labar-pinturen kalko originalak erakusten ditu, kobazuloan sartu ziren lehen ikerlariek egindakoak, hain zuzen ere. Erakusketa ekainaren 9ra arte doan bisitatu daiteke, asteartetik larunbatera (18:00-20:00) eta igandeetan (12:00- 14:00).

Geoparkeak etengabeko jarraipena egingo du sare sozialetan; Twitterren eta Instagramen egitasmo honi buruzkoak #EGNWeek19 traolarekin ikus daitezke.