Datorren astean hasiko ditu Aldundiak Itziarren oinezkoentzat bidegurutzea hobetzeko lanak
2023ko martxoaren 3aGI-3210 Errepideko 0,250 k.p. inguruan kokatutako oinezkoentzako bidegurutzea hobetzeko lanak egingo ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Debako Udalari jakinarazi dionez, eguna zehaztu gabe badago ere, datorren astean hasiko dituzte lanak. Aurreikuspena da 11 astetan egitea.
Bide segurtasuna hobetzea da lanon helburua. Eta horretarako, ibilgailuen trafikoari eta oinezkoen mugimenduari dagokion jarduera eremua berrantolatuko da. Proposatutako irtenbidea galtzadaren albo biak elkarrekin lotuko dituen oinezkoentzako pasabidea eraikitzean oinarritzen da, oinezkoen lehentasunik izango ez duena eta hormigoiko irlatxoen bitartez babestuko dena.
Kanala jatetxe ondotik datorren Donejakue Bidea Itziarko herrigunearekin ere lotuko du oinezkoentzako pasabide honek, eta eremua herri sarreran dagoen aparkalekuarekin lotuko da espaloi berri baten bitartez.
Lanak EXCAVACIONES Y TRANSPORTES ORSA SL enpresari esleitu zaizkio 135.597,03€ (BEZ barne) kopuruarekin.