DATORREN ASTEBUKAERAN III. SURFING FESTA OSPATUKO DA DEBAN

2016/08/02
Datorren abuztuaren 5ean emango zaio hasiera III. Surfing Deba Festari. Udan ere kirolaz gozatzeko aukera zabala dagoela erakutsiko digute hainbat elkartek. Ostiraletik igandera bitarte ekitaldi ugari antolatu dituzte kolektibo hauek guztiek eta eszenatoki nagusiak Deba ibaia eta hondartza izango dira asteburu honetan zehar.

Ostiralean hasiko da III. Surfing Deba Festa. Arratsaldeko 5etan Deba ibaiaren igoera egingo da kayakean. Irteera puntua Debako portua izanik, Debakayak elkarteko kideekin batera, herriaren bukaeran dauzkagun padura eta hezeguneek paraje ederrak eskainiko dizkigute ibaian gora. Kirol apur bat egin ondoren, indarrak hartzeko unea iritsiko da. Honela, 20:30ean parrillada herrikoia egingo da Kioskoan. Eguna biribiltzeko, azkenik, “Euskal balearen ehiza” bideoaren emanaldiaz gozatu ahal izango dugu.

Larunbaterako, abuztuaren 6rako, surfeko ate irekien jardunaldia antolatu du Zurrunbilo elkarteak goizeko 10:00etatik 12:00etara bitartean. Honen atzetik, Abilion Debako Udal Kiroldegiak Crossfit erakustaldia eskainiko du Ondargain parean.

Arratsaldean, Yako Surf Eskolaren txanda izango da: batetik, Stand Up Paddle txapelketa egingo da 16:00etan. Euskadi Sup Race Zirkuito hau hondartzan eta ibaian zehar izango da. Bestetik, larunbat gaua animatzeko kontzertua 22:00etan Ondargainen.

Igandean, Surfing Festari amaiera emateko Deba Xtreme kirol taldeak antolatu duen triatloian parte hartzeko aukera eskainiko zaie familiei. Ekitaldi hau Debako hondartzan ospatuko da goizeko 11:00etan. Arratsaldean ez dugu aspertzeko denborarik izango. 16:30etik aurrera, aquatloia egingo da portuan Deba Xtremek antolatuta, kayak eta piraguen ate ireki jardunaldia Debakayak elkartearen eskutik eta Waterpolo partidua Eibarko Urbat elkarteak eskainia. Azkenik, eta amaiera ezin hobea emateko portuan luntxa izango da parte hartu duten guztientzat.