Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidean agertutako zuloak konpontzen jarraituko du Aldundiak datozen asteotan
2024ko martxoaren 12aLan horiek unean-uneko trafiko mozketak eragingo dituzte eta horren harira, lanen eta trafikoaren inguruko informazio-kanala sortu da Telegram aplikazioan, errepidearen momentuko itxieren eta gorabeheren berri emateko.
2 milioi baino gehiago inbertitu ditu Foru Aldundiak azken denboraleek errepideetan eragindako kalteei aurre egiteko. Lan horien arten kokatzen dira, noski, azken asteetan Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean eta Deba eta Mutriku arteko GI-638 errepidean agertutako zuloak.
Aldundia hasia da dagoeneko zulo horien konponketa lanekin. Gehien kaltetutako zatia N-634 errepidearena da, eta errei bakarra izango du hurrengo asteetan. Unean-uneko trafiko mozketak eragingo dituzte obrek, eta ibilgailu astunek debekatuta izango dute zirkulatzea. Hori horrela, Aldundiko bozeramaileak adierazi duenez, “ahal den neurrian behintzat gomendagarria da Meagaseko errepidea aukeratzea”.
Herritarrei zuzendutako informazio-kanala
N-634 zein GI-638 errepideak trafiko handia izaten du egunero eta bertatik ehunka zein milaka lagun edota ibilgailu pasatzen direla jakinik, Foru Aldundiak horiei guztiei zuzenduriko informazio-kanala sortu du Telegram aplikazioan, errepidearen puntu horren unean-uneko itxieren eta gorabeheren berri emateko. N-634 KOSTA da kanal horren izena eta interesa duen oro batu daiteke.
Larrialdiko lanak N-634 eta GI-639 errepidetako luiziak konpontzeko
Horrez gain, Diputatuen Kontseiluak onarpena eman die gaur egindako bilkuran errepideetako premiazko bi jarduketa berriri “N-634 eta GI-639 errepideetako kostaldeko horman, eta GI-3361 errepidean (Hondarribian) izandako luiziei berehala erantzuteko.
Ildo horretan foru bozeramaileak azpimarratu du dagoeneko lanean ari direla kostaldeko errepidean denboraleak eragindako puntu guztietan, Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidean 12 metroko luzera duen zuloan barne, martxoaren 5ean detektatu zena, hain zuzen. Berreraikitze-lanak egiteko, Diputatuen Kontseiluak 400.000 euroko zuzkidura onetsi du gaur, hilabeteko exekuzio-epea izango duena. “Oraingoz, barruko erreitik txandaka pasatzen jarraituko da, eta zirkulazioa bi erreitan lehenbailehen berreskuratzeko ahalegina egingo da, errepide horrek duen garrantzia dela eta”, azaldu du.
Horri lotuta, bozeramaileak aurreratu du, “udaberri-uda partean, eguraldia egonkorragoa denean, kostaldea zehatz-mehatz ikuskatuko da, kostaldeko horma mantentzeko eta indartzeko jarduketak areagotzeko, azken urteetan premia hori antzeman baita”.