Deba eta Mutriku batzen dituen zubia birgaitzeko obrak martxoaren amaieran hasiko dira

2021ko otsailaren 19aDeba eta Mutriku batzen dituen zubia birgaitzeko obrak martxoaren amaieran hasiko dira

Harkaitz Millan Kulturako diputatuak eman du lanaren berri, Gilen Garcia Debako alkatearekin eta Joseba Palenzuela Mutrikuko alkatearekin otsailaren 19an Donostian egin duen agerraldian. Lanak martxoaren amaieran hasi eta urte bukaeran amaituko direla aurreikusten du Aldundiak. Debako alkateak nabarmendu du bi herrietako biztanleentzat albiste ona dela, beren egunerokoan batu egiten dituelako zubiak.

Esku hartu duten alderdi guztien borondatea izan da zubia erabat zaharberritu arte egin beharreko jarduketak antolatzea eta Deba ibaiaren bi ertzetako bizilagunek oinezkoen erabilera normala izan dezaten martxan jartzea.

Horretarako, 2020/10/07an, erakunde arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Debako eta Mutrikuko udalen artean, bi udalerriak lotzen dituen zubia erabat birgaitu arte egin beharreko jarduerak antolatzeko eta zubia martxan jartzeko, Deba ibaiaren bi ertzetako bizilagunek oinezkoen erabilera normala izan dezaten.

Hitzarmenaren bidez, Aldundiak bere gain hartzen du larrialdi fasean zein birgaitze fase honetan egindako jarduera guztien kostu ekonomikoa. Guztira, 7.131.153,58 €, honela banakatuta: Larrialdi-fasea, 3.611.822,75 €; eta Errehabilitazio-fasea, 3.519.330,83 €. 

Gilen Garcia Debako alkatearen iritziz, "bi herrietako bizilagunek oso espero duten albistea da hau. Egunerokotasunean, Debako eta Mutrikuko bizilagunek bi udalerrietan egiten dituzte jarduerak. Horregatik, garrantzitsua izan da zubia, konponbide tekniko batekin, oinezkoek gurutzatu ahal izateko denbora tarte horretan. Beraz, obra hau oso garrantzitsua da gure herrikideen egunerokotasunerako. Bizi dugun pandemia-egoera honetan, ona da albiste on hau herritarrei helaraztea".

Joseba Palenzuela Mutrikuko alkateak adierazi duenez, "berri ona da ibaiaren alde bietako herritarrentzat hain beharrezkoa den azpiegitura hori berritzea; izan ere, Mutrikuko Urazamendi auzoan bizi diren Mutrikuko bizilagunek Debara iritsi behar dute, eta han eguneroko jarduerak egiten dituzte. Orain, lan egin beharko dugu lanak egiten diren bitartean ahalik eta hobekien moldatzeko".

Deba eta Mutrikuko udalak Deba ibaiaren gaineko zubiaren titularrak dira %50ean, Diputatuen Kontseiluak 2007ko ekainaren 19an hartutako erabakiaren bidez egindako eskualdaketaren ondorioz.

Harkaitz Millan, Kulturako diputatuaren hitzetan, “eredugarria izatea espero dugun ekintza izango da. Bi helburu ditugu: ondare ondasun bat zaharberritzea eta herritarrei zerbitzua ematea. Hori guztia prozesu berritzaile, ireki eta parte-hartzailearekin”.

Moyua-Harri aldi baterako enpresa elkarteak komunikazio-ekintza batzuk abiaraziko ditu, herritarrak proiektuaren faseei buruz informatuta edukitzeko eta, aldi berean, obra honen alderdi aipagarrienei balioa emateko, bai ikuspuntu teknikotik, bai ondarearen ikuspegitik. Besteak beste: proiektuari buruzko web orri bat; sare sozialen bidezko komunikazioa; dibulgazio hitzaldiak eta adituentzako hitzaldiak antolatzea; eta obran bertan informazio puntu bat, Kultura Zuzendaritzak berak egingo dituen ekintzez gain.

Informazio gehiago