Deba eta Mutriku lotzen dituen kostako errepidea itxiko dute astelehenean

2018ko azaroaren 16aDeba eta Mutriku lotzen dituen kostako errepidea itxiko dute astelehenean

Bost egunez egongo da itxita errepidea, Ipitxarriko bihurgunea egonkortu bitartean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak adierazi duenez, Deba eta Mutriku lotzen dituen GI-638 errepidea astebetez itxita egongo da. Izan ere, Ipitxarri pareko kostako horma aztertu ondoren, "berehala egonkortu ezean, erortzeko arriskua dagoela", azaldu dute Aldundiko teknikariek.  

Hortaz, aipatu bihurguneko egonkortze-lanak astelehenean, azaroak 19, hasiko dituzte; eta bost egunez luzatuko dira, hilaren 23ra bitarte.

Beharrezko konponketak egiteko bi garabi erabiliko dira, eta horiek ezartzeko GI-638 errepideko galtzada osoa hartuko da, hau da, errepidea guztiz itxiko da; ondorioz, lanak egiten diren bitartean ezinezkoa izango da trafikoa mantentzea.

Hori dela eta, lan hauek iraun bitartean, Debatik Mutrikura joan nahi dutenek (eta alderantziz) Kalbarioko errepidea erabili beharko dute, ordezko bide gisa.

GI-638 errepidearen mozketa Ondarbeltz hondartza parean dagoen aparkalekuan egingo da; ondorioz, Urazamendi kalera GI-638 errepidetik sartu ahal izango da, Debatik etorrita. Laranga auzora, berriz, GI-638 errepidetik sartu ahal izango da, Mutrikutik etorrita.

Autobusen ordutegia

Autobusei dagokienez, DB03 Lekeitio>Donostia, DB04 Mallabia>Deba>Ondarroa, DB05 Ondarroa>Zumaia eta DB06 Soraluze>Ondarroa lineek aldaketak izango dituzte ibilbide eta geralekuetan. Erabiliko den GI-3230 ordezko errepideak dituen mugak direla eta, erabiltzaileek autobus aldaketa egin beharko dute mikrobus bidez eskainiko den anezka (lantzadera) zerbitzura, ibilbidea Kalbariotik barrena eginez.

Autobus aldaketa Debako aparkalekuan egingo da, segurtasuna bermatzeko gordetako gunean. DB03 Lekeitio>Donostia lineako erabiltzaileek autobus aldaketa Alameda geralekuan egingo dute Donostiako noranzkoan eta aparkaleku sarrera ondoan Lekeitioko noranzkoan.

Anezka zerbitzua doakoa izango da. Ordutegia ikusteko, klikatu hemen.