Deba, etorkizun partekatu baten bidean aurrera
2026ko uztailaren 3aGobernu Planean jasotako 44 ekintzetatik 41 jada martxan edo osatuta daude, pertsonengan, zaintzan eta udalerriaren eraldaketa iraunkorrean oinarritutako kudeaketa finkatuz.
Debako Udalak azken urteetako ibilbidearen balantze orokorra egin du, eta egiaztatu du udalerria eraldaketa sakon eta estrategiko baten baitan aurrera doala, herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta etorkizuneko Deba eraikitzea helburu nagusi izanik. Testuinguru horretan, 2023-2027 Gobernu Plana izan da udal jardunaren ardatz nagusia eta lan-orria, eta bertan jasotako 44 ekintzetatik 41 jada martxan edo osatuta daude, udal kudeaketaren jarraikortasuna eta plangintza sendotuz.
Udal gobernuak azpimarratu du azken urteotan egindako lana herri-eredu baten inguruan eraiki dela, Deba bizigarriagoa, irisgarriagoa eta kohesionatuagoa egiteko helburuarekin. Ildo horretan, Alazne Txurruka alkateak nabarmendu du: “Debaren etorkizuna ez da ekimen edo jarduera jakin batzuetara mugatzen; egunero hartzen diren erabakietan, herritarren beharrei ematen zaien erantzunean eta elkarrekin eraikitzen dugun herri-ereduan oinarritzen da”.
Testuinguru horretan, Udal Gobernuak azken urteetan bultzatutako proiektuen artean azpimarratzekoa da Ibedrolako transformadorea Gudarien plazatik estazio zaharrera leku-aldatze lanak. Esku-hartze honek amaiera eman dio hiru hamarkadetan zehar marea biziek eragindako hornidura-arazo historikoari eta modu horretara, zerbitzuaren segurtasuna eta jarraitutasuna bermatu ditu kaltetuak ziren 580 abonatuentzat. Proiektu hau Debako Udalaren eta Iberdrolako i-DEren arteko lankidetza estuari esker gauzatu da, azpiegitura energetiko modernoago eta fidagarriago baten aldeko urrats estrategiko gisa..
Legegintzaldi honetan Zaintza Ekosistema izaten ari da ardatz nagusietako bat. Proiektu honek zaintza ulertzeko eta antolatzeko modu berri bat ezarri nahi du Deban, ikuspegi komunitarioan eta erantzukizun partekatuan oinarrituta, zaintza gizarte osoaren konpromiso kolektibo gisa ulertuz eta ez soilik zerbitzu publiko gisa. Norabide horretan, datozen urteetan erronka nagusietako bati erantzuteko urrats garrantzitsuak ematen ari da Udala, bereziki mendekotasun egoerei eta zahartze demografikoaren erronkei modu egokiagoan aurre egiteko eta zaintza sistema indartzeko helburuarekin.
Kulturaren arloan ere aurrerapauso esanguratsua eman da Zubeltzu zinemaren erosketa gauzatzeko Eusko Jaurlaritzaren 1.062.000 euroko dirulaguntzarekin, proiektuari bultzada erabakigarria emanez eta instituzioen arteko lankidetza sendotuz. Helburua da Debako zinema historikoa berreskuratzea eta kultura-ekipamendu moderno, irisgarri eta erabilera anitzeko espazio bihurtzea, herriko kultur bizitza indartuz.
Debako eraldaketa urbanistikoan Europako Next Generation funtsen ekarpena ere garrantzitsua izan da, eta horiei esker hainbat esku-hartze estrategiko garatu dira, hala nola Gudarien Plazaren berrantolaketa, pasealeku estaliaren egokitzapena, Lastur eta Deba arteko kanalaren hobekuntza eta argiteria publikoaren berrikuntza. Horrez gain, aipatzekoa da TEK-Deba Itziar tokiko energia komunitatearen garapena, Foru Aldundiko Ingurumen Sailak udalerrien eskura jarritako dirulaguntzari esker gauzatu dena. Esku-hartze horiek Deba herri modernoago, irisgarriago eta energetikoki eraginkorrago baterantz bideratzen ari dira.
Mugikortasunaren eta irisgarritasunaren arloan ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azken urteetan, Irisgarritasun Planaren baitan hainbat hobekuntza gauzatuz, hala nola San Josepe kalean barandak jartzea eta hondartzako sarbidea egokitzea baranda eta pasabide berriekin. Era berean, autobus-linea gehigarriak martxan jarri dira eta tren zerbitzuaren maiztasuna handitzeko konpromisoek herriaren konektibitatea indartuko dute. Horrez gain, Artzabalgo biribilgunean egindako hobekuntzek eta Hostal inguruan instalatutako markesina berriak eguneroko segurtasuna eta erosotasuna hobetu dituzte. Nabarmentzekoa da, halaber, Gudarien plazatik Osio kaleko sarreraraino oinezkoen segurtasuna hobetzeko helburuz egindako esku-hartzea. Kasu honetan 111 baranda berri jarri dira espaloia eta errepidea behar bezala bereizteko eta Debako eremu jendetsuenetako batean segurtasun eta erosotasun handiagoa bermatzeko.
Etxebizitzaren arloan, Udalak urrats berriak egin ditu Deban bizitzeko aukerak handitzeko, Elizburuko etxebizitza tasatuen proiektua gauzatzeko azken administrazio-urratsak onartuz eta alokairurako dirulaguntzen baldintzak egokituz, laguntzak herritar gehiagorengana irits daitezen. Helburua argia da: Deban bizitzeko aukerak handitzea eta, bereziki, gazteen eta familien emantzipazioa erraztea.
Udal zerbitzuen arloan ere hobekuntza nabarmenak egin dira herritarren eguneroko beharrei erantzuteko eta bizi-kalitatea hobetzeko. KZgunearen instalazioak berritu eta erabilera-aukerak zabaldu dira, eta horri esker zerbitzuaren irisgarritasuna eta funtzionaltasuna indartu dira. Halaber, haurrentzako txokoa sortu da, familiei eta txikienei zuzendutako espazio seguru eta egokitua eskainiz, herriko eskaintza komunitarioa aberastuz.
Etorkizunera begira, Udalak hainbat proiektu estrategiko ditu esku artean, hala nola Amillaga eta Osio garapenak, HAZ bulego berria, Arakistain plazako irisgarritasun arazoei irtenbidea ematea, landa-lurren eta turismo bulegoaren digitalizazioa, besteak beste, Debaren modernizazioan eta garapen iraunkorrean sakontzen jarraitzeko helburuarekin.
“Egindako aurrerapausoek bidea erakusten dute, baina oraindik erronka handiak ditugu aurretik. Horregatik, Deba elkarrekin eraikitzen jarraitzea da gure konpromisoa, herritarrak erdigunean jarrita.Herri baten etorkizuna ez da erakundeetatik bakarrik eraikitzen; herritarren inplikazioa eta ekarpena dira Debaren benetako indarra”- amaitu du Alazne Txurruka alkateak.