Deba euskaldunago egiteko konpromisoa berretsiz parte hartu du Udalak UEMAren batzarrean

2019/10/07
Gilen Garcia alkateak eta Aritz Larrañaga euskara zinegotziak UEMAren batzarrean parte hartu dute asteburuan. Alkatearen esanetan, agintaldi hasieran, “besteak beste, Deba euskaldunago baten alde lan egiteko konpromisoa hartu genuen. Arnasguneak estrategikoak dira ildo horretan eta ezinbestekoa da UEMA”.

Jauzi kualitatiboa emateko eta urrats sendoak egiteko agintaldia izan behar du honek UEMAren ustez. Horretarako, ausardia, adostasuna eta konpromisoa ezinbestekoak direla aldarrikatu dute batzarrean.

2019-2023 agintaldiko lehen batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Getarian, eta Iraitz Lazkano Elgetako alkatea hautatu dute batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urteotarako. Lehendakariordea, berriz, Aritz Abaroa izango da, Bermeoko alkatea. Lazkanorekin eta Abaroarekin batera, UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatuko dute beste bederatzi kideak ere hautatu dituzte, adostasunez, batzarrean bildu diren alkateek eta zinegotziek.

 

Iturria: uema.eus

Getarian egin du UEMAk legegintzaldiko lehen batzarra.