Deba-Itziarko herri zaintza sare komunitarioak 60 laguntzaile baino gehiago ditu jada

2020ko martxoaren 18aDeba-Itziarko herri zaintza sare komunitarioak 60 laguntzaile baino gehiago ditu jada

Debarrak prestutasun handia erakusten ari dira auzokoak zaintzeko unean. Elkar laguntzeko beharra dago larrialdi egoera honetan. Egun bakarrean 60 pertsonek baino gehiagoeman dute izena Deba-Itziarko zaintza sare komunitarioan boluntario bezala aritzeko.

COVID 19 birusak sortu duen larrialdi egoeraren aurrean, Debako Udalak dei egin du zaurgarrienak diren eta birusaren aurrean babes handiena behar duten herritarrei laguntzeko. Itziarko Auzo Udalarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean kudeatzen ari da sarea. 

Pertsona helduen zein egoera zaurgarrian dauden pertsonen zerrenda egina dute gizarte zerbitzuetan eta egunero telefono deiak egingo zaizkie beharren bat duten galdetzeko eta besterik ezean, haiekin hitz egiteko eta jakiteko nola dauden. 

Laguntza behar zein lagundu nahi duten pertsonek 943 60 80 47 telefonora deituz edo zaintzadebaitziar@gmail.com helbidera idatziz egin dezakete. 

Laguntzaile izateko datu hauek eman beharko dira: izen-abizenak, jaiotze data edo adina, NAN zenbakia, telefonoa, emaila, ordutegia eta udalerriko zein auzotan bizi diren.

Laguntzaile sareko kideei, bete beharreko protokolo zehatza jakinaraziko zaie, haien osasuna ere zaintzeko.