Debabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Explore San Sebastian Region bulegoan

2017ko azaroaren 14aDebabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Explore San Sebastian Region bulegoan

Eskualdeko erakarpen turistiko nagusiak azaldu ez ezik, Tripontziak ekimen gastronomikoa ere eman zen ezagutzera pasa den azaroaren 8an egindako aurkezpenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Turismoko Departamentuak “Eskualdeen txokoa” programa jarri zuen martxan 2017 hasieran. Helburua Gipuzkoako eskualdeetako herri eta baliabide turistikoak ezagutzera ematea da, hiriburuko turismo sektoreari, donostiarrei eta orokorrean gipuzkoarrei zein Explore San Sebastian Region turismo bulegora gerturatzen diren turistei. Ekimen hau aurtengo urtarrilean abiatu zen eta, hilabetero, Gipuzkoako eskualde batek bere eskaintza turistikoa aurkezten du aipatutako turismo bulegoan. 

Horiek horrela, Debabarreneko turismo-eskaintza lehenetsiko da azaroan Donostiako Explore San Sebastian Region bulegoan (Boulevard,6). Bestela esanda, Debabarreneko baliabide turistikoen zein urte guztian egiten diren jardueren inguruko informazioari lehentasuna emango diote San Sebastian Regioneko informatzaileek, lurraldeko eskaintza turistikoaren berri ematerako garaian.

Bizi #Debabarrena

Debabarrena produktu-anitzeko jomuga modura aurkeztu zen joan den asteazken goizean, azaroaren 8an, hedabideen aurrean egindako aurkezpenean. Hots, bisitariari ekintza esperientzialak eskaintzen dizkion eskualdea dela nabarmendu zuen Maite Cruzadok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendariak, non turista bera den protagonista nagusia. Hala, jarduera kultural-gastronomikoak, naturarekin lotutakoak, eta eskualdeak duen ondare anitza ezagutzera emango dira. Horiek guztiek, besteak beste, urte guztian zehar familian bisitatzeko helmuga interesgarri bihurtzen dute Debabarrena eskualdea.

Tripontziak ekimen gastronomikoa

Debabarrena eskualdean makina bat ekimen gastronomiko antolatzen dira. Epe laburrera, Tripontziak ekitaldi gastronomikoa dugu. Ostiralean eman zitzaion hasiera, azaroaren 10ean, eta 17 egunez luzatuko da, azaroaren 26ra bitarte. Honela, 3 asteburu hartuko ditu aurten ekimenak, hartara herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.

Debabarreneko gastronomiaz gozatzeko aukera ezin hobea da Tripontziak. Bertara etortzera animatzen zaituztegu, izan ere, tokiko produktuez osatutako menu ederrez gozatzeaz gain, parte-hartzaile guztien artean sari ederrak zozketatuko dira.